Nestor Basterretxearen "Bakearen Usoa" Sagues inguruan jarriko dute, itsasoari begira

Actualizado: jueves, 13 noviembre 2014 14:07

DONOSTIA 13 Nov. (EUROPA PRESS) -

Abenduaren 10eko Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren inguruan, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Giza Eskubideen Batzordean eta Bozeramaileen Batzordean proposatu du Nestor Basterretxearen "Bakearen Usoa" Sagues inguruan jartzea. Horrela, familiaren eta indar politikoen adostasunarekin, esanahi handiko eskultura hau itsasoari begira egongo da berriz, artistak berak nahi izan zuen moduan.

Horrela, Oteizaren eta Txillidaren lan entzutetsuekin batera, Basterretxearen lanak osatu egingo du itsasoaren aurrean ezarritako lan artistikoen multzoa. "Bakearen Usoa" ez da itsasoaren aurrean dagoen lehen aldia, 1988ko abenduaren 21ean inauguratu baitzen Zurriolako pasealekuan.

Handik urte gutxira, Kursaalean obrak hasi zirenean, Amara auzora lekualdatu zuten. Aldaketa hori behin behinekoa izan zen, eta Nestor Basterretxeak berak berriz itsasoaren aurrera itzultzeko baldintzarekin onartu zuen aldaketa. Saguesera eramateak, beraz, artistaren oroimenarekiko zegon zorra kitatuko du.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen esanetan, "Bakearen Usoa indarkerien aurka eta bakearen alde, hitzaren alde, egindako obra da. Nestor Basterretxea joan zitzaigula lau hilabete pasa diren honetan, iragarri nahi dut Bakearen Usoa berriro itsasoari begira geldituko dela, eta obraren mezua, konponbidearen aldekoa, helaraziko duela; honek, etorkizunari begira, bakearen eraikuntzak denon parte hartzea ezinbestekoa duela gogoraraziko digu eta Donostiaren eta Euskal Herriaren etorkizunari esperantzatik eta baikortasunetik begiratzen lagunduko digu".

Donostiako Udaleko langileak lanean ari dira eskulturaren kokapen zehatza, Sagues inguruan, erabakitzeko. Inguruaren egokitzapenak eta obraren beraren lekualdatzeak eskatzen dituzten lanen ondorioz, litekeena da eskultura abenduaren hirugarren astetik aurrera arte ez eramatea Saguesera.