Oihane Fernandez Mendiak irabazi du Gabriel Aresti XL. Ipuin Lehiaketa, 'Ez esan hori' lanarekin

Oihane Fernandez Mendia Bilboko alkatearekin.
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 16 octubre 2023 14:32

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Oihane Fernandez Mendiak eskuratu du Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti XL. Ipuin Lehiaketa, euskarazko modalitatean, 'Ez esan hori' lanari esker. Gainera, accesitak eskuratu dituzte Isidoro Calvo Lorenzok 'Pello Bertendonaren kasu zoragarria' kontakizunarekin eta Amaia Iturriotz Etxanizek 'Etxe tresnak' obrarekin.

Gaztelaniazko modalitateko irabazlea Salvador Serrano Molinaren 'Glúteos' izan da, eta accesitak lortu dituzte Asun Garate Iguaranek ('El hombre del carro') eta Jose Quesada Morenok ('Lazos familiares').

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren aurtengo edizioko sariak emateko ekitaldia astelehen honetan egin da, idazle bilbotarrari eskainitako egun instituzionalean. Juan Mari Aburto alkatea izan da buru, eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, udalbatzako ordezkariek, poetaren senideek eta sarituek ere parte hartu dute.

Bada, euskarazko kategoriako epaimahaiak lan irabazlearen inguruan nabarmendu duenez, "hasieratik bertatik xarmatzen gaitu ipuin honetako prosak". "Esaldi eta paragrafo laburretan oinarritutako estilo zuzen eta hizkera literario eta, tarteka, poetiko batek gidatzen gaitu narratzailearen mundu itogarrian barrena. Ahots sendo bat ageri zaigu min, zauri eta sentipenak erakusteko, eta kartzela bilakatutako bizitza bidaia baten moduan azaldu, aterabideak eta ihesbideak nondik agertuko, amaiera indartsu batera bilduta", azaldu du.

Irabazleak 3.500 euro jasoko ditu, eta accesitak lortu dituztenek 1.750na euro. Euskarazko 73 lan jaso dira lehiaketaren aurtengo edizioan, iazkoan baibo %26 gehiago.