GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)
Gasteizko Olabide ikastolak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan Akademiaren Arabako ordezkaritzan, eta ondorengo bost urteetan lankidetzan arituko dira ikastolako jardun akademikoan, eskolaz kanpoko jardunean, bai eta Olabide osatzen duen hezkuntza komunitatearen eguneroko bizitzan ere, euskararen ezagutza, euskararen erabilera eta euskal kultura hedatzen duten programetan.
Akordioak bost urteko iraupena izango du eta bi sinatzaileek lankidetzan jardungo dute ikastolako profesionalen hizkuntza maila jasotzeko asmoz zehaztutako ekimenetan, bai eta Euskaltzaindiak euskararen batasunerako eman dituen eta ematen dituen arauen zabalkundean ere. Horretarako aurkezpenak, ikastaroak, eskuliburuak, mintegiak zein jardunaldiak antolatuko dituzte.
Era berean, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Olabide ikastolako profesionalek egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean. Aipatutakoak betetzeko, Euskaltzaindiak eta Olabide Ikastolak Jarraipen batzordea osatuko dute.
Mikel Makazaga Olabide ikastolako zuzendariak aitortu duenez, "estrategikoa izateaz aparte", ikastolaren "izaera naturaletik ateratako ondorioa" dela hitzarmena. "Kalitatezko hezkuntza ematea da gure xedea, eta horrek ezinbestean eskatzen du eleanitzak izango diren etorkizuneko hiritar euskaldunak heztea. Horregatik, mundutik Olabidera eta Olabidetik mundura zabaldu nahiko genuke euskara eta euskaltzaletasuna, eta bide horretan Euskaltzaindia bidelagun paregabea da, Gasteiz eta Araba euskalduna eraikitzeko", azaldu du.
Bere aldetik, Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak adierazi du Olabide ikastolak 60 urte daramatzala "Gasteizen eta Araba osoan euskararen hazia zabaltzen". Zentzu horretan, nabarmendu du hitzarmenak "lan emankor hori" aitortzen diola, eta "aukera bikaina" ematen diela "euskararen normalizazioaren bidean elkarlanean aritzeko".