DONOSTIA 14 Dic. (EUROPA PRESS) -
Donostia Kulturak Gure Ahotsak Emakumezko Musikarien 7. Zikloa antolatuko du 2025eko martxoaren 1etik 9ra Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean, eta Olatz Salvador, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa bakarlari eta taldeen emanaldiak eskainiko ditu.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak.
Hain zuzen, Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko programazio teknikariaren esanetan, "beti egon dira emakumeak musikaren munduan, egun badaude eta egongo dira, baina oraindik asko dago egiteko gaiari buruz hitz egiteari utzi aurretik".
"Gure eginbeharra, Gure Ahotsak-ena, emakumeak ikusaraztea eta dagokien lekua ematea da, baina ez puntualki bakarrik jaialdi hau bezalako ekimenekin, baizik eta urte osoan. Horregatik, urtean zehar ere oso gogoan dugu gure helburua eta programazioa nahiko orekatua dugu", azaldu du.
Ildo horretan, iragarri du Maika Makovski, Maren, Kris Davis, Françoiz Breut, Maria Jose Llergo, La Furia, Susan Santos eta beste hainbat artista ariko direla hiriko antzokietan eta kultur etxeetan.
Zikloaren aurtengo kartela Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile eta artista hernaniarrak egin du. Adierazi du kartela egitea "plazer handia" izan dela, "miretsi eta gustuko ditudan musikarien kontzertuak iragartzeak erraztu eta gustagarri egin duelako enkargua".
Egileak esan du "indarra" izan dela transmititu nahi izan duen ideia, "eztanda, ezustea eta aldi berean poza". "Horregatik, lehertzen ari den sumendi koloretsua hautatu dut", gaineratu du.
Kontzertuetarako sarrerak salgai daude Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Gainera, zikloko bi kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko %10eko deskontuarekin bateragarria izango da.