Olatz Unamunzaga izendatu dute Neiker teknologia zentroko zuzendari nagusi berri

Archivo - Olatz Unamunzaga da Neiker teknologia zentroko zuzendari nagusi berria
IREKIA - Archivo
Actualizado: miércoles, 19 marzo 2025 12:24

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak Olatz Unamunzaga izendatu du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Neiker teknologia zentroko zuzendari nagusi berri, Leire Barañano ordezkatuz.

Jaurlaritzaren arabera, izendapenak "indartu egiten ditu Neikerren berrikuntza estrategia eta Euskadiko nekazaritzako sektorearekiko lotura, eta bultzatu egiten du nekazaritza eta abeltzaintzako jakintzaren transferentziarekin nahiz garapen jasangarriarekin duen konpromisoa, alderdiok funtsezkoak baitira nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasunerako".

Olatz Unamunzaga Biologian lizentziaduna da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nekazaritza Zientzietan doktorea Zaragozako Unibertsitatean.

Ibilbide nabarmena du elikagaien sektorearen ikerketan eta kudeaketan. Hamarkada bat baino gehiago darama Neikerren lanean, eta funtsezko karguak izan ditu Berrikuntza eta Teknologiako arduradun gisa. Kargu horretan, proiektu estrategikoak zuzendu ditu nekazaritzako sektorearen modernizazioa eta jasangarritasuna lortzeko, adibidez 'Gen i Agroalaves' izeneko proiektu sektoriala.

Unamunzagak prestakuntza osagarria du enpresa zuzendaritzan (MBAe3), eta lidergo, proiektu kudeaketa eta komunikazio eraginkorrerako duen gaitasunagatik nabarmentzen da. "Konpetentziok funtsezkoak izango dira Neikerren buru beteko duen aro berriari ekiteko", ziurtatu dute.

NEIKER SENDOTU

Kargua hartuta, zuzendari berriak Neiker sendotu asmo du nekazaritzako elikagaien ikerketako erreferente gisa, bai eta nekazaritzako sektoreari egindako ezagutza transferentzia indartu ere.

"Neiker egoera ezin hobean dago, eta %80tik gorako arrakasta tasak ditu askotariko deialdietan. Lorpen horrek lantaldea bikaina dela erakusten du, baina haratago joan behar gara: gure ikerketa azken nekazari, abeltzain eta basogileari iristea lortu behar dugu", esan du.

Leire Barañano aurreko zuzendari nagusiak utzitako ondareari jarraikiz, Unamunzagarentzat lehentasuna da sektorearekiko harremana estutzea entzute aktiboaren eta parte hartuzko ikerketaren bitartez, nekazaria berrikuntzaren erdigunean jarrita.

"Nahi dugu gure lanak benetako eragina izan dezan nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasun eta jasangarritasunean, haien premiei erantzuten dieten tresnak eta irtenbideak emanez", zehaztu du.

Contador