OPC Spain Biltzarrak ekitaldi eta biltzar sektoreko 300 bat profesional bilduko ditu Donostian

Biltzarraren aurkezpena
OPC
Actualizado: lunes, 18 febrero 2019 16:02

   DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

   OPC Spain Biltzarra egingo da ostegunean eta ostiralean, otsailaren 21ean eta 22an, Donostiako Kursaal jauregian, eta biltzar eta ekitaldi sektoreko enpresa nagusietako 300 bat profesional elkartuko ditu. OPCE Euskadiko Biltzar eta Ekitaldi Antolatzaile Profesionalen Enpresa Elkarteak eta Espainiako Biltzar Antolatzaile Profesionalen Enpresa Federazioak antolatu dute topaketa, eta erakunde publiko nagusien laguntza jasoko du.

   Ernesto Gasco Donostiako Udaleko lehen alkateorde eta Ekonomia Bultzatzeko, Enpleguko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzia, Maite Cruzado Gipuzkoako Aldundiko Turismoko zuzendaria eta Harkaitz Millán Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren barruan dagoen Basquetour turismo agentziako zuzendaria izan dira biltzarraren aurkezpenean, astelehen honetan.

   Onofre Vicente OPCE elkarteko presidentea ere izan da ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan, eta adierazi du biltzarra "aukera bikaina" dela MICE deritzon sektoreko eragileen artean ezagutza trukatzeko eta harremanak estutzeko.

   "Esperientzia, konpromisoa eta teknologia XXI. mendeko ekitaldietarako" du goiburu biltzarrak, eta aztergai nagusia izango da nola lagundu biltzar eta ekitaldi antolatzaile diren enpresa profesionalei berrikuntzarako bidea hartzen, ekitaldiei eta haiek egiten diren lurraldeei balio ekarpena egin diezaioten.

   Aurkezpenean nabarmendu dute "etorkizun oparoa" duela biltzar eta ekitaldi turismoak eta gero eta garrantzi handiagoa duela. Nazioarteko Biltzar eta Konbentzioen Elkartearen arabera (ICCA), nazioarteko biltzarren antolatzaileen zerrendan laugarren postuan dago Espainia, AEB, Alemania eta Erresuma Batuaren atzetik.

   Euskadin ere nabari da goranzko joera hori, Eusko Jaurlaritzaren Ibiltur MICE 2016-2017 azterketaren arabera. Horrela, beste zenbait daturen artean, Euskadik jasotzen duen turismo osoaren %17 MICE sektoretik dator. Gainera, Euskadin egiten diren biltzarretara datozenen gastuak nabarmen ari dira hazten: 2014an, 56 milioi euro, eta 2017an, 87 milioi. Beste datu aipagarri bat da MICE turista bakoitzeko batez besteko gastua eguneko 133 euro dela, eta aisialdiko turista bakoitzarena, berriz, 104 euro.

AZTERGAIAK

   Horrela, aurkezpenean azaldu dutenez, gai "biziki interesgarriak" jorratuko dira ekitaldian, besteak beste, OPC enpresen eta haien zerbitzuen berrikuntza, ekitaldietan aplikatu beharreko aurrerapen teknologiko berriak, ekitaldien jasangarritasuna areagotzeko bideak, ekitaldietan eta lurraldean egindako inbertsioaren itzulkinek duten garrantzia, ekitaldietara joaten direnen egonaldia hobetzeko moduak eta gastronomiaren bidezko berrikuntza.

   Horrez gain, biltzarraren aurretik sarean egin den galdeketa kolektibo baten emaitzak ere aurkeztuko dira. Galdera honi erantzun diote sektoreko profesionalek: "Zein dira, zure ustez, gure sektoreak hurrengo bost urteotan izango dituen erronka nagusiak?". Adimen artifizial kolektiboaren bidez jaso dira galdeketaren emaitzak, eta adimen mota hori biltzarrean sakon aztertuko da.

   Hizlarien artean daude Pilar Jericó, aitzindaria talentuaren azterketan eta beldurrak erakunde eta pertsonengan duen eraginarenean; Miryam Artola, Muxote Potolo Bat-eko zuzendari nagusia; Víctor Viñuales, ekonomia berdean aditua eta ECODESen zuzendaria; Franklin Galarraga, Orquidea Technology Group-eko zuzendari nagusia; Rosa Morel, aditua komunikazio digitalean, neurosalmentan eta copywriting emozionalean; Manu Narváez, San Sebastián Turismo & Convention Bureau-ko zuzendaria; Kepa Olabarrieta, Bilbao Convention Bureau-ko zuzendaria; José María González del Álamo, Innovation Wars S.L.-ren zuzendari nagusia, eta María Fernández, Gasteizko Udaleko Enpresentzako Zerbitzuko teknikaria.

   Hitzaldiez gain, bestelako ekitaldirik ere izango da, besteak beste, bisitaldiak Miramongo Teknologia Parkera ostiralean, eta Getariara eta Oriora larunbatean. Katxiña txakolindegian "geldialdi" bat egitekoak dira bigarren bisitaldi horretan.