Oriaren uholdeetatik babesteko lanak bukatu dira Beasaingo Ezkiaga auzoan, 7,8 milioi euro inbertituta

URAko, Beasaingo Udaleko eta CAFeko arduradunak
URA
Actualizado: jueves, 19 septiembre 2024 11:57

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

URA Uraren Euskal Agentziak Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan, ibaiaren 300 metroan zehar, CAFen parean dagoen ibai-tarte batean. Jarduketa irail honetan bukatu da, 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da, BEZa barne, eta, lanoi esker, uholdeek eragindako kalteak gutxituko dira, batez beste 900.000 euro urtean.

Hain zuzen ere, Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi eratsi eta ordezkatu dira, ibilguaren eta Jose Migel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraitsi, eta ibilguaren ezkerreko ertza atzerarazi da.

CAF lantegiaren eta Beasainen garapena zuzenean baldintzatzen zuen soluzio hidraulikoa ezagutzeko bisita egin dute ostegun honetan Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta URAko presidente Mikel Jauregik, Beasaingo alkate Leire Artolak eta CAFeko kontseilari ordezkari Javier Martinez Ojinagak.

Jauregik adierazi du URAk egindako obra "proiektu hidraulikoa baino askoz gehiago" dela, "askoz haratago" doala eta "hirigintza eraldatzeko aukera bat" ere badela. Bere hitzetan, jarduerari esker "beasaindarren eta jarduera ekonomikoaren segurtasuna bermatzen da, eta segurtasun maila nabarmen handitu dugu Beasaingo hirigunetik igarotzen den Oriaren ur goraldiek eragindako uholde arriskuaren aurrean".

Sailburuak URAren, Beasaingo Udalaren eta CAFen arteko "lankidetza eta ahalegin partekatua" eskertu du, "jarduera konplexu bati arrakastaz ekiteko aukera eman duelako".

Era berean, Artolak nabarmendu duenez, "Ezkiaga auzoarentzat aurrerapausoa izan da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua izan delako, herritarren eta auzotarren segurtasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena".

"Espazio hau pertsonen beharretara egokitu da ibilbidea hobetuz ibaiertz guztian. Honela bada, gune berritua aisialdirako erakargarriagoa bihurtu da, eta balio erantsia emango dio eremu zein auzo osoari. Datozen hilabeteetan, zuhaitzen landaketa eta ibaira hondakinak ez erortzeko zokaloa jartzea besterik ez dira falta", azaldu du.

Obrei esker, 1.250 beasaindar baino gehiagoren etxebizitzak T100 uraldien arriskutik kanpo geratuko dira, hau da, 100 urteko errepikatze denbora edo 100 urtean behin gertatzeko probabilitatea duen uholdeen arriskutik kanpo, baita CAFen lantegia eta inguruko 120 establezimendu edo jarduera ekonomiko baino gehiago ere.

7,8 MILIOI EURO

Jarduketa irail honetan amaitu da, eta 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da, BEZa barne. Horri esker, aurrerantzean, uholdeek eragindako kalteak gutxituko dira, batez beste 900.000 euro urtean.

Egindako lanei esker, Oria ibaiaren T100eko ur goraldien emariak ibilguan egotea lortu da, eta, gainera, T500 uraldiaren ur lamina 90 cm inguru jaitsarazi da, eta horrek kalte potentzialak nabarmen murriztuko lituzke.

Jardun den CAFen eremuan, Beasaingo Uholde Arrisku Handiko Eremuaren kalte potentzialen %70 biltzen zen, eta, beraz, eremuaren uholdeak eragin ditzakeen kalteen murrizketa oso nabarmena lortu da.

Lanak egiteko erakundeen arteko lankidetza estua behar izan da. Alde batetik, URA Uraren Euskal Agentziak eraikuntza proiektu osoa aurkeztu du, eraikinak eraistea eta egin beharreko obra hidraulikoak barne, eta obrak kontratatu eta gauzatzeaz, zuzendaritza fakultatiboaz eta horien finantzaketaz arduratu da (6.152.900 euro).

Bestalde, Beasaingo Udalak CAFen lursailetan eta jabetzetan aurreikusitako obra hidraulikoen ondoriozko eraginak erregularizatzeko beharrezkoak diren hirigintza dokumentuak onartu ditu (adibidez, eraikigarritasuna handitzea eraitsitako eraikinen galera konpentsatzeko behar diren baldintzetan), eta obren benetako kostuaren 1.630.000 euro finantzatu ditu.

Azkenik, CAFek Uraren Euskal Agentziaren esku jarri ditu obrek eragindako bere jabetzako lursailak eta eraikinak, eta bulego berriak gaitzeko lanez arduratu da.

Contador