BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Osakidetzak bi Best in Class sari jaso ditu kudeaketan eta pazienteen arretan duen bikaintasunagatik, aitorpenen 19. edizioan. Hain zuzen, Arabako ESIak Lo Espezialintate Onenaren saria eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Neurologia Espezialitate Onenarena jaso dituzte.
Jaularitzako Osasun Sailak eta Osakidetzak asteazken honetan jakinarazi dutenez, Best in Class 2024 lehiaketaren irabazleak asteartean eman ziren ezagutzera Madrilen egindako ekitaldi batean. Lehen mailako arretako osasun zentro onena, Ospitale onena eta Zerbitzu eta Unitate onenak aintzatesten dituzte sariek, publikoak zein pribatuak, pazienteei ematen dieten arretan bikaintasuna bilatzeagatik.
Bada, Arabako ESIak Lo Espezialitate Onenaren Best in Class saria jaso du. Pneumologia Zerbitzuak eta Loaren Unitate Funtzionalak bigarren aldiz jarraian jaso dute aitortza hori, pazienteei laguntzeko Loaren Unitaterik onena dela finkatuz.
Azken urteotan, unitatea 15 proiekturekin nabarmendu da nazioartean eta aintzatespenak jaso ditu, hala nola Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak (SEPAR) emandako lehen SEPAR pazienteen saria 2019an, eta SEPAR-en berrikuntza eta kalitate proiektu onenaren bigarren postua 2022an.
Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionala 25 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, eta, zeharka, bederatzi espezialitate baino gehiagorekin lan egiten du (Pneumologia, Neurofisiologia, Pediatria, Psikiatria, Otorrinolaringologia, Aurpegi eta Masailetako Kirurgia, Neurologia, Kardiologia eta Odontologia, besteak beste). 10.000 paziente artatzen ditu urtero eta 5.000 proba diagnostiko inguru egiten ditu.
Halaber, Osakidetzaren sarean insomnioaren Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate funtzioa betetzen du. Era berean, Gasteizko Udalaren hezkuntza programetan aktiboki parte hartzen du duela hamar urtetik, ikastetxeetan loak duen garrantziari buruzko hezkuntza emanez eta hainbat unibertsitatetako programa akademikoetan lagunduz. Unitateak nazioarteko profesionalen egonaldiak ere hartzen ditu barne, Argentina, Mexiko, Kolonbia eta Australiatik datozenak, besteak beste.
NEUROLOGIA
Bestalde, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Neurologiako Espezialitate Onenaren Best In Class saria jaso du eta finalista izan da Konplexutasun Handiko Ospitale Onenaren kategorian. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Neurologia Zerbitzuak jasotzen duen lehen Best in Class saria izan da.
27 neurologok eta erizaintzako taldeak osatzen dute unitatea, pazienteei zainketa onenak emateko konpromisoarekin. Zerbitzuak neurologia orokorreko oso arreta eskuragarria eskaintzen die herritarrei, astean 32 kontsulta egiten baititu lau anbulatoriotan, eta espezialitate horretako gaixotasunak goiz detektatzea bermatzen du horrek.
Halaber, Neurologia Zerbitzuak arreta oso espezializatua eskaintzen du, superespezialitate neurologiko guztiak barne hartzen dituena: gaixotasun neuromuskularrak, neuroimmunologia eta esklerosi anizkoitza, narriadura kognitiboa, Down sindromea, neuroftalmologia, Iktus unitatea eta gaixotasun zerebrobaskularrak, ataxia eta paraparesia espastikoa, loaren gaixotasunak, Disautonomia laborategia eta Huntington gaixotasuna.
Gainera, Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateen akreditazioa du epilepsia erregogorraren tratamendurako, epilepsiaren kirurgiarako eta mugimendu nahasmenduen kirurgiarako.
Gaur egun, duela gutxi hasitako proiektu batzuk finkatu dira eguneroko asistentzia praktikan, hala nola Neuroimmunologiako Unitatean prozesu asistentziala birdiseinatzea, Down sindromea duten pazienteentzako kontsulta espezializatu bat, eta funtsezko dardara tratatzeko HIFU ekipoa instalatzea.
Bestalde, Osakidetza finalista izan da beste bost kategoriatan: Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa eta Barrualde-Galdakaoko ESIa Konplexutasun Handiko Ospitale Onenaren kategorian; Barrualde-Galdakaoko ESIa Osasun Zentroko Lehen Mailako Arretaren kategorian eta Humanizazio Proiektu Onenaren kategorian; Bilbo-Basurtoko ESIa eta Barrualde-Galdakaoko ESIa Eskizofreniako Espezialitate Onenaren kategorian; Bilbo-Basurtoko ESIa Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espezialitate Onenaren kategorian.