Osakidetzako Santa Marina ospitaleak %38 murriztu du CO2 aztarna 2023an

Santa Marina ospitalea
OSAKIDETZA
Actualizado: jueves, 7 noviembre 2024 12:23

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Osakidetzako Bilboko Santa Marina ospitaleak %38 murriztu du CO2 aztarna 2023. urtean, erietxean bertan egindako energia eraginkortasuneko jarduketei eta urtean 105 tona CO2 inguru harrapatzen dituen 21 hektareako baso propioari esker.

Modu honetan, Osakidetzako iturriek nabarmendu dutenez, energia eraginkortasuneko neurriak inplementatuz, Bilboko erietxea urratsak egiten ari da energia eredu jasangarriagorako bidean. Jardun hori bat dator Osakidetzak erantzukizun sozial korporatiboaren inguruan hartutako eta 2023-2025 aldirako plan estrategikoaren 4. lerroan jasotako konpromisoarekin.

Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskadiko Legearen testuinguruan egin da hori guztia. Izatez, legearen helburua da gehienez ere 2050ean zero emisio garbiak lortzea, emisioak murriztearen bidetik eta atmosferako berotegi efektuko gas gehiago xurgatzearen bidetik, eta, hala, lurraldeak klima aldaketarekiko duen erresilientzia handitzea.

Bada, orain arte Santa Marina ospitalean egindako jarduketei esker, eta erietxea bera urtean 105 tona inguru CO2 harrapatzen dituen 21 hektareako baso propioan kokatzeari esker, 2023an %38 murriztu du CO2 aztarna.

Hori lortzeko ekintzarik aipagarrienen artean daude energia elektriko berdea erostea, biomasa galdaren erabilera lehenestea, argiteria LED teknologiarekin ordezkatzea, ospitaleko fatxada kanpoko isolamendu termikoarekin berritzea, ibilgailuetarako kargagailu elektrikoak instalatzea, bizikletak eta motozikletak aparkatzeko guneak gordetzea eta langileak kontzientziatzeko lan egitea.

HELBURUA 2035EAN

Bestalde, erietxeko arduradunen arabera, panel fotovoltaikoak instalatzeko eta berokuntza zirkuituak berriro banatzeko etorkizuneko proiektuei esker, eta orain arte ezarritako jarduketekin batera, Santa Marina ospitalean 2035ean lortu ahal izango da zero emisio garbiko helburua.

"Konpromiso horrek ospitaleko zerbitzu guztiei egiten die mesede, eta onuragarria da pazienteentzat zein langileentzat. Energia kontsumoa eta emisioak murrizteak instalazioen erosotasun termikoa hobetzen du, eta ingurune osasungarriagoa sortzen du. Gainera, ospitalearen ingurumen aztarna txikiagoa onuragarria da tokiko komunitatearentzat, eta ongizate orokorraren eta jasangarritasunaren arloko kontzientziazioari laguntzen dio", azaldu dute.

Azkenik, jakinarazi dute Santa Marina ospitalean kontrol eta kudeaketa automatizatuko sistema instalatu dela berriki. Alde batetik, ospitale osoko berogailu, klimatizazio eta ur bero sanitariorako bero ekoizpena erregulatzen du sistemak, eta, bestetik, kontsumoen etengabeko jarraipena egiten laguntzen duten energia termikoko sentsore eta kontagailu integratuak ditu. Hori dela eta, erietxeak aintzatespena jaso berri du Klimaren aldeko Osasun Sarietan.

Contador