BILBO 14 Nov. (EUROPA PRESS) -
Poesía Necesaria bikoteak Pablo Gonzalez de Langarika zenaren poemetan oinarritutako errezitaldi musikala eskainiko du ostiralean, azaroaren 15ean, Bilboko Bidebarrietako liburutegi areto nagusian, 2016an hildako poeta bilbotarra oroitzeko eta omentzeko. Sarrera librea izango da lekua bete arte eta 'streaming' bidez ere jarraitu ahal izango da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Pablo Gonzalez de Langarika Bilbon jaio zen 1947ko otsailean eta Bilbon bertan hil zen 2016ko martxoan. Bere bizitza poesiari eskaini zion eta bere obra hainbat antologiatan sartu da eta euskarara, italierara, frantsesera eta korsikerara itzuli da.
Gaztelaniazko euskal lirikaren barruan erreferentetzat jotzen da, hainbat sari jaso baititu. Horrela, 'Canto terrenal' poemarioak Bahia saria irabazi zuen 1975ean, 'Del corazón y otras ruinas' lanak Eusko Jaurlaritzaren Alonso de Ercilla saria jaso zuen 1985ean, 'Los ónices de Onán' lanak La Galleta del Norteko Literatur Tailerren II. Poesia Erotikoaren Saria irabazi zuen 1989an, eta 'La rueda oscura', 'Endecha de la huella oscura' eta '27 sonetos de amor y una canción enenajenada' lane Imagínate Euskadi Saria jaso zuten 1992, 1994 eta 1996an, hurrenez hurren.
Bere beste lan nabarmenetako batzuk honako hauek dira: 'Contra el rito de las sombras' (1976), 'Los ojos de la iguana y otros poemas' (1987), 'Cálices de octubre' (1989), 'Entre los pliegues de la luz' (2012) eta 'Bajo el ligero peso de la nieve' (2016).
Gainera, poeta bilbotarra Poetas por su pueblo taldearen sortzaileetako bat izan zen eta 1981tik 'Zurgai' poesia aldizkariaren zuzendaria, euskal literatur argitalpenen dekanoa eta Euskadin idatzitako lirikaren ezinbesteko erreferentzia.
Bere obran Blas de Otero, Juan Larrea edo Miguel de Unamuno moduko egileen eragina nabari daiteke, gai sozialak eta existentzialak jorratzeko kezkan islatua. Edonola ere, Gonzalez de Langarikak irudi ikusgarriak, ezohikoak eta errealitatearen kontzeptu ezkorra ezaugarri zituen hizkuntza propioa sortzen jakin zuen.
POESÍA NECESARIA
Manuel Madrid konpositore, abeslari eta gitarra jotzaileak eta Nestor Paz moldatzaile eta biolontxelo jotzaileak 2012an sortu zuten Poesía Necesaria bikotea, nahiz eta 25 urte baino gehiago daramatzaten elkarlanean. Uruguai, Kolonbia eta Euskadiko poesia jaialdietan kontzertuak eskaini dituzte, baita Argentinan, Costa Rican eta Perun ere.
Bere ibilbidean Ruben Dario, Miguel Hernandez, Gustavo Adolfo Becquer eta Antonio Machado poeten bertsoei musika jarri diete. Pedro Casaldaliga bezalako poeta garaikideen lanak ere musikatu dituzte.
Bikotearen azken lanaren izenburua 'La palabra a ti debida' da, eta Pablo Gonzalez de Langarikaren memoriari eskainia dago. Bertan, egile bilbotarraren 13 poema biltzen dira.