Pantailak Euskaraz ekimenak 'Pantailaldia' ariketa kolektiboa antolatu du azarorako

'Pantailaldia' Antolatu Dute.
PANTAILAK EUSKARAZ
Actualizado: lunes, 24 octubre 2022 12:10

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak
'Pantailaldia' antolatu du azaroaren 11tik 18ra, Euskaraldiaren sinergiak aprobetxatzeko asmoz antolatutako ariketa kolektiboa. Herritarrak aktibatzea, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta erakundeak arlo honetan mugiaraztea izango dira ariketaren helburuak.

Pantailak Euskaraz ekimenak deia egin dio euskaldun komunitate osoari 'Pantailaldia' ariketan parte hartzeko. Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus web orrian sartu eta bertan aurkituko duten formularioa betetzea nahikoa izango da.

Azaroaren 11tik 18ra, egunero ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitu edo sortzeko izandako bizipenak eta zailtasunak partekatzeko deia egin diete ekimenean parte hartuko duten herritarrei, horretarako sare sozialetan #PANTAILALDIA traola erabiliz eta euren perfiletan ariketaren logoa jarriz.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, alde batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzea bilatuko du 'Pantailaldia' ariketa kolektiboak. Telebistan, zineman, 'streaming' plataformetan, Youtuben edota bideo jokoetan dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunitate linguistikoan.

"Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena du, eta, beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu", azaldu dute.

Bigarrenik, euskaldunek ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko dituzte "muga eta gabeziak" agerian utzi nahi dira: "Gauza jakina da pantailen munduan euskarak duen presentzia oso baxua dela. Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik kontsumitzeko (eta sortzeko) ariketa eginez, herritarrek honetarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta erakundeen aldetik euskararen presentzia eta erabilera ikus-entzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu".

Aste osoan zehar hainbat ekimen antolatu eta haietan parte hartzeko deia ere egingo du Pantailak Euskaraz-ek, hala nola azaroaren 13an "euskaldunok zinema aretoetan bizi dugun diskriminazioa salatzeko burutuko duen protesta".

TWITTER KONTUA

Bestalde, Pantailak Euskaraz ekimenak "ozen" salatu du Twitter sare sozialean zuen kontua itxi izana. Urriaren 11ean bizitako zibereraso baten ondorioz, hainbat mezu eta bideo arraro agertu ziren bere kontuan, eta handik egun batzuetara, normaltasuna itzulia zela zirudienean, Twitterrek bertan behera utzi zion kontua, antza denez, arau hauste bategatik.

Pantailak Euskaraz-ek hainbat ohar helarazi dizkio Twiterri erasoaren berri emanez eta kontua berreskuratzeko eskatuz, baina erabakia behin betikoa dela erantzun dio enpresa informatikoak. Hizkuntza eskubideen eta adierazpen askatasunaren errespetua eskatuz sinadura bilketa abiatu du ekimenak avaaz plataformaren bitartez.