Pantailaldiak maiatzaren 6tik 15era egingo du bigarren edizioa

Pantailaldiaren bigarren edizioa antolatu dute
PANTAILAK EUSKARAZ
Actualizado: lunes, 7 abril 2025 15:03

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Pantailak Euskaraz ekimenak euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko antolaturiko Pantailaldia aktibazio sozialerako ariketaren bigarren edizioa maiatzaren 6tik 15era egingo da, 'Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu!' leloarekin. Euskarazko hedabide digital ugariren babesa izango du, eta dagoeneko irekita dago herritarrek izena emateko epea.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimenak helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta, bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea.

Badfa, mota guztietako pantailetan, hau da, telebistan, streaming plataformetan, zineman, sare sozialetan edo bideo jokoetan, euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka da Pantailak Euskaraz-ek herritarrei luzatu diena. "Alegia, hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka", azaldu dute.

Edozein herritarrek izango du Pantailaldian parte hartzeko aukera. Herritarrei aipaturiko erronka betetzea eskatuko zaie, eta haien bizipenen berri sare sozialetan zabaltzea #pantailaldia traola erabiliz.

2022an ospaturiko lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela, eta %64k edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela. Aurten parte hartzaile kopuru hori gainditzea izango da erronka.

Izena emateko pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia web orrira jo behar, eta epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik. Formularioan datuak bete eta bidaltzea besterik ez da egin behar. Parte hartzaile orori, ariketa hasi aurretik, profil irudia (sare sozialetan jartzeko), euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda eta agenda proposamen bat bidaliko zaie, erronka errazago betetze aldera.

Gainera, Pantailaldian zehar, euskal kulturgintzako hainbat erreferentek ere euskararekin eta pantailekin dituzten bizipenak partekatuko dituzte sare sozialen bidez, euskarak aurrera egin dezan ikus-entzunezkoek eta pantailek duten garrantzia jendartean zabaltzeko asmoz, "gaur egungo mundu digitalean, pantailak baitira hizkuntza eta kulturaren transmisiorako bitarteko nagusia".

Pantailaldia euskalgintzako eragile nagusien oniritziarekin ospatuko da, eta pantailak, euskara, eta ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat eragile izango ditu babesle: Berria taldea, Hamaika TB, Kanaldude, Argia, Tinko Euskara Elkartea, zinea.eus, Game Erauntsia elkartea, Euskal Encodings, eta zernonikusi.eus.

Contador