Paul Lamb protagonista izango da ostiral honetan Getxoko Blues Jaialdian

- GETXO & BLUES - Archivo
Actualizado: jueves, 18 julio 2019 13:21

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Paul Lamb harmonika jotzaile eta blues britainiarraren izen handienetariko bat izango da protagonista Getxoko 31. Nazioarteko Blues Jaialdian, ostiralean, uztailaren 19an. Bluesman ingelesa The King Snakes eskarmentu handiko bandarekin arituko da, azken 30 urteotan gidatu duen taldearekin, hain zuzen ere.

Saioa Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan izango da, 21:00etan, eta, horren ondoren, Detractors talde bilbotarrak hartuko du lekukoa Algortako The Piper's Irish Pub tabernan, 23:00etatik aurrera, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.

Paul Lamb 1955. urtean jaio zen, eta Ingalaterran jaiotako harmonika jotzailerik ospetsuenetariko bat da bluesaren eszenan. Ibilbide oparoa du, agertoki famatuenetan jo du eta sari ugari irabazi ditu. 15 urte besterik ez zituela abiatu zen musikaren munduan, 1960ko hamarkadaren amaieran industria britainiarra astindu zuen atzeraldi ekonomikoan bertako lokaletan bizimodua atera nahian. 20 urterekin, Erresuma Batuko ordezkaria izan zen harmonikako munduko txapelketan, eta bigarren saria eskuratu zuen bakarlari gisa.

Hurrengo urteetan bere ibilbidea lantzen hasi zen musikari handiekin elkarlanean: Buddy Guy, Junior Wells, Brownie McGhee eta bluesaren beste musikari handi batzuekin. Londresko agertokira iritsita, Paul Lamb lan handia egiten hasi zen, hainbat taldetako buru nahiz beste artista batzuekin kolaboratuz, hala nola Mark Knopflerrekin. Horrez gain, BBCrentzat hasi zen lanean telebista saioetarako soinu bandak grabatzen.

The Blues Burglars taldea sortu zuen 1980ko hamarkadan, behin betiko Europako agertokiak hartzeko asmoarekin. Geroago, The King Snakes izena jarri zion, John Lee Hookerren 'Crawlin' King Snake' abestiaren omenez. Edozein estilo interpretatzeko gai dira The King Snakes: rhythm&blues, Texasko blues elektrikoa eta Louisianako, Deltako eta Mendebaldeko Kostaldeko erritmoak.

19 diskok osatzen dute arrakastaz beteriko ibilbidea, Royal Albert Hall ezagunean eginiko zuzenekoa barne, eta, kritikaren ustez, Erresuma Batuko blues talderik onena dira. Getxoko saioan, Paul Lamb harmonika eta ahotsean, Chad Strentz gitarra eta ahotsean, Ryan Lamb bere semea gitarran, Dino Coccia baterian eta Ron Demickekin baxuan jardungo dira.

Ondoren, Detractors taldeak joko du The Piper's Irish Pub tabernan. Priscilla Band funk soul talde ospetsuaren zenbait kidek sorturiko proiektua da, Deltako bluesa interpretatzeko gogo biziz. Taldearen helburua jatorriko blues akustikoa jotzea da, "inor hotz utziko ez duen musika", hain zuzen ere. Horretarako, erabiltzen ez diren musika tresna zaharrak konpondu eta berriz erabiltzen dituzte.