Pilar Kaltzada kazetari donostiarra da Save the Children erakundeko presidenteorde berria

Pilar Kaltzada
SAVE THE CHILDREN EUSKADI
Publicado: sábado, 27 junio 2020 11:43

BILBO 27 Jun. (EUROPA PRESS) -

Pilar Kaltzada kazetari donostiarra da Save the Children erakundeko presidenteorde berria Espainiako Estatuan. Haurtzaroaren defentsan espezializatuta dagoen erakundeko patronatuan parte hartzen du Kaltzadak 2016tik, eta izendapen berriarekin, astelehen honetatik aurrera ardura berriak hartuko ditu munduko haurren eskubideak sustatu eta babesteko helburuan, gobernuz kanpoko erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Pilar Kaltzada kazetaria da, eta Linking Ideas agentziako bazkide zuzendari eta sortzaileetako bat. 20 urtetik gorako esperientzia du komunikazioaren aholkularitza eta kudeaketan, besteak beste, berrikuntzan, kultur eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketan eta genero politiketan. Arlo horietan guztietan aholkularia da enpresa pribatu eta erakunde publikoetan, politika publikoen diseinuan parte hartuz eta prestakuntza saioak eskainiz.

Horrez gain, askotariko gogoeta taldeetan parte hartzen du, ibilbide profesional luze eta oparoa du askotariko komunikabideetan eta iritzi saioetan parte hartzen du maiz.

"Egiten duguna eta esaten dugula garela esan ohi da. Baina isiltzen duguna edo ez dakigunak ere izateko modua egiten dute. Desberdintasunek min egiten didate eta premia larria nagusi den egoera honetan, isilik geratzea, beste aldera begiratzea, iraingarria da. Neska eta mutilen sufrimendua ez da saihestezina. Beren duintasuna eta zoriontasuna dira amesten dudan etorkizun berriko oinarriak", esan du kazetari donostiarrak.

Save the Children erakundeko presidenteorde berria Doce Miradas taldeko kidea ere bada; emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta horren alde sentsibilizazioa egitea helburu du taldeak. baita Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada.

SAVE THE CHILDREN

Save the Children haurren eskubideen defentsan munduan liderra den erakunde independentea da. 100 urte baino gehiago daramatza haurren eskubideen defentsan, bizitzeko, ikasteko eta babestuta daudela bermatzeko ahaleginean. Gaur egun, 120dik gora herrialdetan dihardu.

Espainian 20 urtetik gora daramatza eta egoerarik zailenean dauden haurrei arreta zuzena eskaintzen die, pobrezia edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta.

Arreta integrala lantzen du haur eta beren familiekin, haurrek bizi duten zaurgarritasun ekonomikoa edo gizarte bazterketa oztopo izan ez daitezen beren eskubideez erabat jabetzeko eta bizibide duina izateko.

Leer más acerca de: