DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)
Miren Iraeta, Oihane Mendizabal eta Sofia Marcos ikertzaile gazteek irabazi dute Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta BadaLab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategiak Ikergazte biltzarretik abiatuta egin duten ikerketa proiektuen lehen deialdia, Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondarea aztertuko duen 'Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika' proposamenarekin. Hiru ikertzaileek 18 hilabete izango dituzte orain ikerketa burutzeko, 2025ko apirilaren 1era bitarte, eta 9.000 euroko laguntza jasoko dute horretarako.
Hala iragarri dute asteazken honetan Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak, Goiatz Oiartzabal BadaLab-eko zuzendariak eta Ainhoa Latatu Ikergazte biltzarreko koordinatzaileak. Sofia Marcos eta Oihane Mendizabal ikertzaile irabazleek ere parte hartu dute agerraldian (Miren Iraeta atzerrian dago).
Deialdiaren arduradunek azaldu dutenez, "ideia berritzailea eta originala" delako hautatu dute proposamena, bai eta "bestela batuko ez liratekeen hiru ikertzaile batzen direlako" ere. Gainera, nabarmendu dute bat datorrela "erabat" Ikergazteren izpirituarekin, eta "proiektu egingarria" dela, "euskara eta formatu aldetik egokia".
Bestalde, ikertzaileen esanetan, pottoka edo Euskal Herriko poni arrazak "mendeetako historia partekatua" du bertako lurralde eta giza populazioarekin. Hala ere, habitat galeraren eta teknologia aurrerakuntzen ondorioz, gaur egun desagertzeko arriskuan dagoen animalia da.
Bada, kezka horri erantzunez eta Euskadiko Pottokazaleen Federazioarekin lankidetzan, bere jatorria argitzeko eta euskal historian izan duen garrantzia zabaltzeko ikerketa proiektua gauzatuko dute. "Arkeologia eta genomika uztartuz, iraganeko zein gaur egungo pottoken ezaugarri genetikoak zuzenean aztertzeko egitasmoa izango litzateke, honen bidez, iraganeko balizko pottokak testuinguru arkeologikoan kokatuz", azaldu dute.
Hiru ikertzaileek beka irabazi dutenaren albistea sorpresaz eta ilusioz jaso dutela aipatu dute: "Berria jaso bezain laster ikerketa martxan jartzeko bilera bat egin genuen, analizatuko diren zaldi hezurren laginketekin hasi eta laborategiko lana abiarazteko. Datozen egunetan lanari ekiteko gogotsu eta indarrez beterik gaude".
ARLO EZBERDINAK
Deialdiak hiru arlo desberdinetako ikerlariak elkar ezagutzeko eta batera lan egiteko "aukera bikaina" eskaini diela nabarmendu dute, pottoken jatorriari buruz lan egiteko aukera emateaz gain. "Are gehiago, hiruok neska gazte ikertzaileak eta euskaldunak izanik, era autonomoago batean proiektua gauzatzeko aukera edukitzea luxu bat da guretzat", gaineratu dute.
Horrela, Euskadiko Pottokazaleen Federaziotik dator ikerketa hasteko interesa eta Miren Iraetarekin jarri ziren harremanetan, antzinako DNArekin duen lan esperientzia tarteko. Halaber, proiektua abiatzeko ezinbestekoa da Oihane Mendizabalen partaidetza, laginak datozen aztarnategi arkeologikoen ezagutzaz gain, haien aukeraketa egin, testuingurua osatu eta lortutako emaitzen interpretazioan ekarpenak egitea ahalbidetuko baitu.
Azkenik, Sofia Marcosek dituen bioinformatikako ezagutzei esker, laginen prozesaketa bioinformatikoa eta planteatu dituzten hipotesiak analisi estatistiko desberdinekin testatuko dituzte.