BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Primeran EITBren doako streaming plataformak 'Glaziarrak agurtzen' izenburuko lau ataleko dokumentala estreinatuko du ostiral honetan, martxoaren 21ean. Gainera, #ekin_transformazioa ekimenaren baitan, erreportaje bereziak eskainiko dituzte 'Eguraldia' saioan eta Orain EITBren albiste kanal berrian.
Izan ere, EITBko iturriek jakinartazi dutenez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Glaziarren Urtea izendatu du 2025a, eta ostiral honetan ospatuko da lehen aldiz Glaziarren Nazioarteko Eguna. Bada, EITBk bat egin nahi izan du ekimenarekin eta dokumentala eta saio bereziak prestatu ditu.
Horrela, 'Glaziarrak agurtzen' dokuserie berriak desagertzeko arriskuan dauden Aneto, Infiernos, Perdido eta Vignemale Pirinioetako glaziarren bilakaera eta egungo egoera erakusteko bidaia proposatuko du, Eñaut Izagirre glaziologoaren eskutik.
'Aneto-Aire' izeneko atalean, gainera, Arnaitz Fernandez fisikari eta EITBko 'Eguraldia' saioko aurkezlea izango du alboan, eta Aneto Maladeta glaziarrera igokodira biak.
Hala, aldaketa klimatikoak glaziarretan eragin dituen hondamenak aztertuko dituzte, batek fisikari ikuspegitik eta besteak glaziologoarenetik eta mendizaletasunetik. Atal hau Bilbao Bizkaia BBK Mendi Film jaialdiaren azken edizioan aurkeztu zuten.
Inguru hartako paisaia eta bazter ederrak bisitatuko dituzte, eta airetik hartutako irudiak ere eskainiko dituzte, parapentean zeharkaldi bat ere eginez. Hartara, glaziarrak desagertzeak airean duen eragina aztertuko dute.
Gainera, dokumentalak ikus-entzunezkoen teknologia berrien beste ikuspegi bat dakar, 3Daren eta efektu bisualen bidez "errealitateak irudimenarekin bat egingo baitu". Hala, atal bakoitza "esperientzia paregabea" izango da, eta, 3Dko elementuak benetako paisaiekin lotuz, Pirinioetako glaziarren desagerpenari buruzko narratiba "bisualki liluragarria" eskainiko da.
Adimen artifizialarekin irudi bereziak sortuta, adibidez, oinarrizko kanpamentu birtual baten sorrera islatuko dute, eta produkzio birtuala eta errealitate areagotua baliatuz, denboran atzera eta aurrera egingo dute.