DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Psikologia Sailak GuNETuz ataria sortu du (https://gunetuz.ueu.eus/), psikologo euskaldunak saretzeko, beren lana euskaraz egiteko baliabideak emateko eta gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko asmoz.
Ekimen berria aurkezteko prentsaurrekoa eskainiko dute ostegun honetan, Donostian, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Luixa Reizabal UEUko Psikologia sailburuak, Eneko Mendiluz UEUko Psikologia sailburuak, Ana Novoa psikologoak eta Nour Hajeme psikologia ikasleak.
Bada, GuNETuz ataria zenbait ataletan antolatuta dago: Foroa (hitz eta pitz aritzeko eta elkar ikusteko), Albistegia (berrien bilduma), Eskaintzak (ikastaro eta lan eskaintzak), Psikologia (argitalpenak, galdetegien itzulpenak, ikerketak, orientazioa, eragileak eta bideoak), Parekidetasuna (genero parekidetasuna sustatzeko egun dauden webguneak, bideoak, esku hartzeak eta bestelako baliabideak) eta Baliabideak (euskarazko datu baseak, sare sozialak, webguneak, eta euskararen erabilera tekniko eta egokirako tresnak).
Alegriak azpimarratu du GuNETuz alorreko profesionalak euskalduntzeko "akuilua" izango dela: "UEUn badaukagu erronka eta erantzukizuna lan mundua euskalduntzeko, euskara estandarizatzeko alor honetan ere, eta GuNETuz bide horretan pausu handi bat izango da, zalantzarik gabe".
Bestalde, Reizabalek gogorarazi duenez, 2019an UEUren Udako Ikastaroen baitan egin zen Psikologo Euskaldunen III. Topaketan agerian geratu zen ezinbestekoa zela psikologia zein euskararen arteko sarea osatzea: "Premiazkotzat hartu genuen psikologia euskalduna egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea; hauspotzea, azken batean. Zorionez, behar horiei guztiei erantzuteko tresna sortu da gaur, apirilaren 7an: GuNETuz webgunea, hain zuzen ere".
Ildo horretan, adierazi du eguna ez dutela ausaz erabaki, ezta webgunearen izena ere. Batetik, datari helduz, apirilaren 7a Osasunaren Nazioarteko Egun bezala izendatua da: "Maiz, osasunaz mintzo garenean, fokua soilik alderdi fisikoan jartzen dugu. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da halabeharrez osasuna ongizate fisikoa ez ezik, mentala eta soziala ere badela. Beraz, osasunaren izaeraren osotasuna aldarrikatzeko asmoz aurkezten dugu gaurko egunez egitasmo hau".
Bestalde, webgunearen izenari dagokionez, "bere izana agerian utziko zuen deitura" jarri nahi izan diotela esan du. "Izan ere, psikologo euskaldunak saretzen (-NET) dituen gunea da GuNETuz, bakarra bere alorrean", gaineratu du.
EKARPENA
Halaber, Mendiluzek adierazi duenez, psikologo euskaldunentzat haratago, GuNETuz-ek euskal gizarteari egingo dion ekarpena "esanguratsua" izango da. "Bilgunea izango da, psikologiarekin edo lotutako bestelako diziplinetan lanean diharduten profesional, ikasle zein erabiltzaileen bilgunea, hain zuzen. Berdinki, euskaraz eta euskalduna izango da, euskara hutsean izango baita eta bertan euskaldunok hartuko dugulako parte. Gainera, euskararen erabilera zuzenerako baliabideak eskaintzen ditu", azaldu du.
Bestalde, psikologia osatzen duten arlo ezberdinekin zerikusia duten ezagutzak hedatuko direnez webgunearen bitartez, "dibulgaziorako aproposa" dela nabarmendu du. Horren harira, besteak beste, psikologiaren arlo ezberdinekin zerikusia duten euskaraz egindako argitalpen, albiste, esku hartze, teoria zein antzekoak partekatuko direnez, berritzailea ere izango da.
"Era berean, psikologo, aditu eta euskaldunentzat orain arte izan ez duten erreferentziazko euskarria izango da. Aurretik aipatutakoen harira, beraz, ezin uka daiteke parte hartzailea izango dela, aipatutako komunitateari zuzendutako proposamena izanik, beraien inplikazioa bilatuko delako", gaineratu du.
Azkenik, Novoak azpimarratu du informala eta, aldi berean, formala izango dela GuNETuz: "Izaera informaleko zein formaleko parte hartzea gauzatzeko bideak izango ditu eta erabiltzaileen beharrei egokitzeko aukera emango du, gunea bizirik mantenduz. Intuitibo eta erabilerraza izango da baita, profil desberdinetako psikologoengana iritsi ahal izateko".
"Azken batean, lankidetzan oinarrituta egingo da, unibertsitate, ikerketa talde, erakunde edota eragileen arteko elkarlana sustatzeko. Bide horretan jarraituz, formakuntza sustatzailea izango da, psikologo euskaldunen arteko formazio kanalak sortu, autoformazioa bultzatu eta ezagutzak partekatzeko komunikaziorako espazioa izango baitu", esan du.
Azkenik, parekidetzailea izango dela nabarmendu du, generoen arteko parekidetasuna sustatzea izango delako bere oinarrietako bat. "Laburbilduz, munduko edozein txokotan dauden psikologiaren arlo ezberdinetako euskal psikologoen komunitate birtuala sortzea ekarriko du webguneak", ziurtatu du.