Saltoki handietako eta elikadura kateetako salmentak %4,7 gutxitu dira martxoan EAEn

Erosketa
EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 27 abril 2022 13:09

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) saltoki handietako eta elikadura kateetako salmentek %4,7ko jaitsiera izan dute martxoan, 2021eko hil berarekin alderatuta, prezio finkoetan eta lan egutegiko baldintza homogeneoetan. Otsailarekin alderatuta, berriz, salmenten bilakaera positiboa izan da, %0,3ko igoera izan baitu, prezio finkoetan eta urtaroen eraginik gabe, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Salmenten urte arteko portaerak joera bera izan du martxoan bi sektoreetan, baina intentsitatea ez da bera izan. Hala, elikagaien salmentek %6,1 egin dute behera, eta gainerako produktuenek %1,6. Otsailaren aldean, berriz, bilakaera desberdina izan da: elikagaien salmentetan %1,0eko igoera izan da, eta %1,1eko jaitsiera gainerako produktuenetan.

Salmenten bilakaera lurraldeka aztertuta, urte arteko beherakada egon da martxoan hiruretan: nabarmenagoa izan da Araban (-%8,8) eta antzekoa Gipuzkoan (-%4,2) eta Bizkaian (-%4,0), prezio finkoetan eta lan egutegiko baldintza homogeneoetan. Otsailarekin alderatuta, berriz, Gipuzkoak aldakuntza positiboa izan du (%1,9), baina Bizkaian eta Araban salmentak %0,4 eta %0,6 gutxitu dira, hurrenez hurren, urtaroen eraginik gabe.

Bestalde, 2022ko lehen hiruhilekoan, EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako salmenten indizean %1,1eko beherakada izan da. Elikagaien salmentek %5,3 egin dute behera, eta gainerako produktuenek %8,5 gora.

Lurraldeka, urtarriletik martxora, aldakuntza metatua positiboa da Bizkaiaren kasuan, salmentak aurreko urteko aldi metatu berean baino %0,6 handiagoak izan baitira; Araban eta Gipuzkoan, berriz, urteko lehen hiruhilekoko salmentak %5,8 eta %2,0 txikiagoak izan dira, hurrenez hurren.

Azkenik, EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako langile kopurua %2,7 gehitu da martxoan, aurreko urteko hil beraren aldean, baina %0,5 egin du behera otsailaren aldean.