BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Plentziako (Bizkaia) Itsas Estazioak kudeatzen duen Sareus Euskadiko lehorreratze sarearen lantaldeak 43 jarduera egin ditu 2024an Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetan hondartutako zetazeoei, fokei, itsas dortokei eta marrazoei buruzko abisuak jaso ondoren edo kostaldean lehorreratuta daudela susmatuta. Orobat, dagoeneko 17 kasu artatu ditu 2025eko lehen hiruhilekoan.
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, izurdeak dira gehien iristen diren animaliak, batez ere izurde marraduna, arrunta eta mularra. Intzidentzia handiena otsailean eta martxoan izaten da, eta lehorreratze gehien Donostian (80 baino gehiago), Zumaian eta Zarautzen (40 baino gehiago) eta Getxon, Sopelan, Bermeon eta Getarian (30 baino gehiago) izan dira 1993tik.
Sareus Euskadiko lehorreratze ofizialen sarea 2014tik dago martxan. 2022ra arte Ambar GKEak kudeatu izan du, eta haren inplikazioari esker, emaitza onak lortu izan dira. EHUko Plentziako Itsas Estazioak ere sarean parte hartzen zuen zetazeoen, pinipedoen, marrazoen eta itsas dortoken laginak biltzen, bere Biobankuan artxibatu eta aztertzeko.
2022ko abuztuan, Plentziako zentroak sarearen kudeaketa bere gain hartu zuen, eta horrek profesionalizazioa ekarri zuen. Ordutik, 105 lehorreratze abisuri erantzun die, eta SOS Deiak zerbitzuaren eta foru aldundien laguntza duen arreta sistema bat finkatu du.
Denis Benito ikerlariaren hitzetan, "esku hartze hauek konplikatuak izan daitezke, eta, beraz, funtsezkoa da erantzuna koordinatua izatea, batez ere, egoera horiei erantzuteko beharrezko baliabiderik ez duten udalerri txikien kasuan".
Gaur egun, EHUko Plentziako Itsas Estazioaren instalazioak eta giza baliabideak erabilgarri daude sareko jarduera guztiei estaldura emateko.
PROTOKOLOA
Lehorreratzei aurre egiteko protokoloa aktibatzen da SOS Deiak zerbitzuan animalia bat lehorreratu dela jakinaraziz abisua jasotzen denean. Hortik, Sareuseko larrialdietarako telefonora deitzen dute, eta sareko langileak bertan daudenen informazioa biltzen hasten dira. Irudi bidezko baieztapena jaso ondoren, Sareusek erantzun koordinatua kudeatzen du hainbat erakunderekin elkarlanean.
Bizirik dauden lehorreratutako animaliekin, kasu bakoitzari dagokion kontrola egiten da, foru aldundietako albaitari taldeekin lankidetzan. Lehorreratu egin direla susmatzen den animaliei dagokienez, Sareuseko langileek haien eboluzioaren jarraipena egiten dute, animaliak itsasora itzultzea lortzen duen arte.
Lehorreratutako animalia hilen kasuan, Sareusek dagokien erakunde publikoekin koordinatzen du eman beharreko erantzuna. Lantaldeak garraiatu ezin dituen gorpuak badira, hondartzetako garbiketa zerbitzuetara jotzen du.
Beharrezkoa denean, Gurutze Gorriari, udaltzaingoari, Ertzaintzari edo suhiltzaileei laguntza logistikoa eskatzeko aukera aztertzen da. Helburua da gorpua berreskuratzea, ahal den kasuetan, eta, hala, osasun publikorako arriskuak saihestea.
Egoera onean dauden gorpuak Plentziako Itsas Estaziora eramaten dituzte nekropsia ofizialak egiteko Tragsatec enpresako albaitariekin koordinatuta. Lagin guztiak estazioko Ingurumen Espezimenen Biobankuan artxibatu eta katalogatzen dira, EHUko edo nazioarteko etorkizuneko ikerketak ahalbidetzeko.
Esku hartzea amaitzeko, SOS Deiak zerbitzuari jarduketaren emaitzaren berri ematen zaio, osasun publikoa, animalien ongizatea eta lehorreratzeari buruzko informazio zientifikoa bermatu ondoren.