BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak herritarren segurtasunerako prebentzioko zaintza eta kontrol kanpaina berezia antolatu dute Gabonetarako eta merkealdiko lehen egunetarako. Dispositiboa larunbatean aktibatuko da, abenduaren 14an, eta 2025eko urtarrilaren 18ra arte iraungo du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, ohikoa den bezala, kanpainak prebentzioa azpimarratu eta hiriko merkataritza eta ostalaritza eremuetan zaintza indartzeko dispositibo bateratuak ezartzea ekarriko du, egunotan jende asko biltzen baita halako espazioetan.
Kontuan hartuta ondarearen aurkako delituak Bilbon erregistratzen den delinkuentziaren %85 inguru direla, eta delitu horietatik gehienak ebasketak direla, bi polizia kidegoek batera lan egiten dute urte osoan, delituen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.
Polizia lan eta koordinazio hori indartu egiten da urteko une jakin batzuetan, hala nola abuztuan (Aste Nagusia) eta abenduan eta urtarrilean (Gabonak eta merkealdia), ikusita baitago delitu horiek gora egin ohi duten hilabeteak direla.
Urteko sasoi honetan, delitu mota horien egileak erosten ari den jendetzaren artean babestu ohi dira, edota egiten diren ekitaldietan eta enpresa bazkari eta afarietan.
Bada, Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren Gabonetarako eta Merkealdirako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, ordutik, bi polizia kidegoek urtero berritu dute, oso emaitza onekin, helburu behinena lortu baitute, hau da, Bilbon ebasketa eta lapurreten gorakada murriztea edo geldiaraztea.
Bilboko merkataritza eta ostalaritza gune nagusietan egingo da prebentzio kanpaina, horrelako negozioen ordutegietan. Prebentzioa, beraz, bide publikoan egingo da, batez ere oinezkoen guneetan eta jende gehien bildu ohi den lekuetan, merkataritza eta gaueko aisialdiko guneetan, hala nola Abandon, Indautxun, Zazpi Kaleetan edo Boluetan.
EGUNERO
Zaintza eta kontrola asteko egun guztietan egingo dira, txandaka, eta patruila uniformatuak zein kalez jantzita doazenak arituko dira eginkizun horietan, oinez zein ibilgailuetan.
Nolanahi ere, hala Ertzaintzak nola Bilboko Udaltzaingoak dei egin diete herritarrei konturik handienarekin ibil daitezen jendetza pilatzen den dendetan eta kaleetan.
Gainera, gomendatu dute nork bere gauzak arretaz zaintzeko, poltsa edo bizkar-zorroa ondo itxita eramateko eta era susmagarrian hurreratzen direnez ez fidatzeko, lapurretak eta ebasketak saihesteko, betiere.
Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, 112 (Ertzaintza) edo 092 (Bilboko Udaltzaingoa) telefonoetara deitzea gomendatu dute.