Sortzaileek 59. Durangoko Azokako egitaraua osatzeko proposamenak egiteko epea zabalik dago

Archivo - Iazko edizioko aurkezpen bat
DURANGOKO AZOKA - Archivo

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek astelehen honetatik urriaren 7ra bitarteko epea dute 59. Durangoko Azokako Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetarako aurkezpenak, tailerrak, solasaldiak, musika emanaldiak, antzezpenak eta proiekzioak proposatzeko. Horretarako, durangokoazoka.eus webgunean izen-emateen atalean erregistratu beharko dute ekarpena.

Ahotsenea gunearen kasuan, orain arteko hautaketa prozesua moldatu egingo da aurten, eta proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango eta epearen barruan aurkeztuko diren eskari guztiak baloratuko dira. Gero, antolakuntzaren irizpideen arabera galbahea eginda esleituko da lekua, gainerako guneetan bezala.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, euskarazko ekoizpenak plazaratzeko balioko du egitarauak. Horrela, Ahotsenean 2024an argitaratutako liburu eta diskoek izango dute lekua; Irudienean aurten ekoitzitako ikus-entzunezkoek; Kabian teknologia berriek; Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musikak; Szenatokian dantza eta antzerki pieza laburrek; Talaian literaturaz aparteko lanek, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak. Gainera, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan ere antolatuko dira ekintzak azoka egunetan.

Bestalde, abenduaren 5ean egingo da Ikasle Goiza, eta bertaratu nahi duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera izango dute astelehen honetan hasita. Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek, kultur sorkuntza ezaguttzeko eta esperimentatzeko. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzendurik egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira.

Azoka aurretik, aurten ere martxan egongo da PortaDA erronka, Lanbide Heziketa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleentzat. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzea izango da erronka, eta ikastetxe onenentzat saria egongo da: 'Musika eskoletan' programako saio bat. Azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.

Azkenik, Durangoko Azokaren osteko egunetan 'Zu non han DA!' ekimena helduko da Euskal Herriko liburu dendetara, eta Azokako nobedadeak egongo dira zaleen eskura eta liburu aurkezpenak ere egingo dira. Bada, ekimenera batzeko interesa duten saltokiek izena eman ahalko dute datorren astelehenetik. Idazleen txanda geroago helduko da.

Contador