BILBO 6 (EUROPA PRESS)
DA! PRO topaketaren seigarren edizioa helduko da azaroaren 26an eta 27an, 59. Durangoko Azokaren atarian, eta sortzaileek euskarazko 18 proposamen plazaratuko dituzte bertan. Sortzaileen hautaketa eginda, programatzaileek izena emateko txanda dator orain, eta azaroaren 11tik 22ra egin ahalko dute inskripzioa, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean.
Horretarako deialdia egin dute asteazken honetan Bilboko BBK Salan egindako prentsaurrekoan. BBK Fundazioa da ekimenaren babesle nagusia, eta Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak ere lagunduko dute.
Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da aurten ere DA! PRO topaketa, aurrez aurre ezagutu eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko.
Horrela, euskaraz jarduten duten sortzaileak egongo dira euren proposamenak aurkezten. Aurrean, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira.
Zuzeneko harreman horren bidez bi helburu lortu nahi dituzte DA! PRO topaketaren sustatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea. Izan ere, Durangoko Azokaren aurtengo lelok dioen moduan, "hartzea ematea da, eta kulturaren zabalpenak hainbat balio ditu; kultura jasotzea gizarteari bueltan ematea da, eta euskara indartzeko bide bat ere bai".
Hain zuzen ere, kultura herritarrengana heltzeko lan garrantzitsua egiten dute porgramatzaile eta teknikariek, eta horregatik, eurei begira egin dute deialdia aurkezpen agerraldian.
FAMILIA IKUSKIZUNAK ETA MUSIKA
Horrela, azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, eta zortzi proposamenek izango dute lekua: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzioak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea.
Biharamunean, azaroaren 27an, musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan. 27 talde eta bakarlarik eman zuten izena, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records. Hala ere, izena eman duten guztien proposamenak katalogo bitan txertatuko dira, eta programatzaileei helaraziko zaizkie, urtean zehar ekitaldiak antolatzerakoan lagungarri izan daitezen.
Azkenik, iragarri dute 2025eko urtarrilaren 25ean MusikaGaz Fest jaialdiaren hirugarren edizioa antolatuko duela Amorebieta-Etxanoko Udalak (Bizkaia), eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko duela. Beraz, azaroaren 27ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera izango dute.