Soziolinguistika Klusterrak Jakini eman dio Txillardegiren 'Hacia una Socio-Lingüística Matemática' lanaren eskuizkribua

Txillardegiren 'Hacia una Socio-Lingüística Matemática' lanaren eskuizkribua
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Actualizado: martes, 4 abril 2023 11:18

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

Soziolinguistika Klusterrak Jakin Fundazioaren esku utzi du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren 'Hacia una Socio-Lingüística Matemática' liburuaren eskuizkribua. 2001ean SEI elkarteak argitaratutako liburuaren jatorrizko eskuizkribua eskualdatu dute Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean.

Soziolinguistika Klusterretik jakitera eman dutenez, Txillardegik eskuz idatzitako liburua da, SEI elkarteko Imanol Esnaolak koordinatu zituen argitaratu arteko lanak eta Jose Ramon Etxebarriak gainbegiratu zituen formula matematikoak.

SEI elkartearen ondare guztia Soziolinguistika Klusterrak jaso zuen modu naturalean erakundea bera eraldatzearekin batera. Orain, Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak 'Jakin' aldizkariko zuzendari Lorea Agirre eta Jakin Fundazioko lantaldearen eskuetan utzi du eskuizkribua.

Jakin arduratuko da dokumentu originala gorde, kontserbatu eta zaintzeaz, eta edonork ikusteko moduan dago eskuizkribua Txillardegiren obra digitalizatuta jasotzen duen webgunean.

Txillardegik bazuen ustea euskaldunen artean euskaraz egiteko joera zegoela, baina uste hori ez zetorren bat iritzi orokortuarekin. Usteetatik harago, eta ingeniaria izaki, ahalegina egin zuen euskaraz egiteko aukerei forma matematikoa emateko. Mintza-taldeen osaerari erreparatu zien eta gaitasunaren araberako aukerak aztertu zituen.

"Euskaraz egingo bada, mintzo denak eta entzuten duenak, biek izan behar dute gutxieneko gaitasuna" premisatik abiatuta, formalizazio eta sistematizazio matematikoaren bidez osatu zuen eredua, eta 1984an eredura sarrera-testu bat argitaratu zuen Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) bidez: 'Elebidun gizarteen azterketa matematikoa. Sarrera bat'.

1994an Xabier Isasirekin batera kokapen eta azalpen gehigarriekin liburua osatu eta, hau ere, UEUren bidez argitaratu zen: 'Soziolinguistika matematikoa'. Garai hartan, aldiz, proposatutako ereduak ez zuen behar besteko oihartzunik lortu, egilearen ustez gutxienez, akaso matematikoegia zelako.

GAZTELANIAZ

Euskal Herritik kanpo eremu zientifiko-akademikoan gaiarekiko arreta eskuratu nahian, eredua azaltzeko liburua gaztelaniaz osatu, berridatzi eta argitaratu zuen Txillardegik: 'Hacia una Socio-Lingüística Matemática'.

Garatutako eredu matematikoak Txillardegiren ustea berretsi zuen. Liburuan esaten den bezala, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea "hiztunen arduragabekeria errudunaren" ondorio zela ukatzeko eman nahi zuen ezagutzera eredu matematikoa. Gaur egun ere, erabileraren eta gaitasunaren arteko azterketak egiten direnean, ezinbesteko baliabidea da Txillardegik landutako soziolinguistika matematikoaren eredua.