'Superheroien familia' filma ostiralean EAEko zinema aretoetan, 'Zinema Euskaraz' programarekin

'Superheroien Familia' Filmaren Kartela
ZINEUSKADI
Actualizado: jueves, 15 junio 2023 12:23

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadi elkartearen bidez sustatutako 'Zinema Euskaraz' programak 'Superheroien familia' filma estreinatuko du ostiralean, ekainaren 16an, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zortzi zinema aretotan. Publiko orokorrari bideratuta dagoen animaziozko film norvegiarra da.

Egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, 'Zinema Euskaraz' programaren barruan aurten estreinatuko den seigarren filma da, 'Yuku eta Himalaiako lorea', 'Momiak', 'Lau ahizpa magikoak', 'Mavka: basoaren zaindaria' eta 'Alan giza antena' pelikulen ostean.

'Superheroien familia' Getxo Zinemak, Golem Alhóndiga (Bilbo), Multicines (Bilbo), Florida Zinemak, (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Zuaza Zinemak (Durango), Niessen (Errenteria) eta Antiguo Berri (Donostia) zinema aretoetan proiektatuko da ostiraletan. Gainera, datozen hilabeteetan beste film batzuk estreinatuko dira 'Zinema Euskaraz' programaren barruan, eta hurrengoa 'Una aventura gigante' izango da, abuztuaren 25ean.

Horrela, 'Zinema Euskaraz' ekimenak euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du. Gainera, euskal zinemagintzari laguntzeko apustuari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa eta euskara sustatzen du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.