Toki kazetaritzako TOKIKOM sariak banatuko dira ostiralean Artikan

TOKIKOM Sariak
TOKIKOM
Actualizado: jueves, 21 noviembre 2024 11:40

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

TOKIKOM Toki Komunikabideen Bateraguneak toki kazetaritzako TOKIKOM sariak banatuko ditu Artika, (Nafarroa) ostiralean, azaroaren 22an. Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta "sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina" aldarrikatzea eta gizarteratzea da.

TOKIKOMeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Laboral Kutxaren laguntza izan da sariketa antolatzeko.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Artikako Maria de Maeztu Kultur Etxean, kafe eta mokadutxo batekin, eta ondoren sariak banatuko dira, toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aitortzeko. Gainera, Nafarroa Saria ere emango zaio Nafarroako baloreak eta konpromisoa ondoen islatzen dituen lanari.

Azalik onenaren kategorian, Debagoieneko Puntua ('Biniloa'), Orio-Aiako Karkara Guka ('Olatu berrien bila') eta Sakanako Guaixe ('Matxismoa ari du') dira finalistak; edukirik onena, berriz, Azpeitiko Uztarria Guka ('Gelditu dira inprentaren makinak'), Urumealdeko Kronika ('Gizatasuna ideologien gainetik') eta Durangaldeko Anboto ('Gazatik ihes egindako 25 palestinarrek Berrizen hartu dute aterpe') hedabideetatik aterako da; eta Tolosaldeko 28 Kanala (Haritik tiraka: tokiko merkataritza), Bidasoaldeko Antxeta Irratia ('Uhin inklusiboak) eta Uribe Kostako Hiruka ('Bene Markaida') dira finalistak ikus-entzunezkorik onenaren kategorian.

Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek ekitaldia aprobetxatuko du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza.

Horrela, Euskararen Gogoetaguneko Jon Sarasuak euskararen etorkizunaz egindako lanketan toki komunikabideei aitortzen dien rolaz jardungo du. AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabi Gartziak, berriz, AEK-k azken urteotan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten diharduen prozesuaren berri emango dute, toki komunikabideentzat interesgarria izan daitekeelakoan. Azkenik, ElDiario.es-eko fidelizazio arduradun Ramon Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du.

Contador