TOKIKOM Sariak azaroaren 11n banatuko dira ArantzazuLABen

2021Eko Ekitaldia.
TOKIKOM

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

TOKIKOM euskarazko toki komunikabideen elkarteak azaroaren 11n egingo du aurtengo TOKIKOM Sariak banatzeko ekitaldia, ArantzazuLAB aretoan (GIpuzkoa). Ekitaldia "berezi samarra" izango del iragarri du komunikazio taldeak, bere sorreraren hamargarren urteurrenarekin lotu nahi baitu.

TOKIKOM Sarietan toki komunikabideen kazetaritza lanak aitortzen dira normalean. Aurtengo edizioan, berriz, 'Elkarrekin bidea eginez' leloarekin, azken hamar urteetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dira, "TOKIKOMeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz".

Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatuko du taldearen hamar urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. Dokumental horretan kontatuko da euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea, zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez.

Gainera, goizean zehar hainbat mahai inguru izango dira, TOKIKOM osatzen duten toki hedabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta: TOKIKOMen beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak. Taldea osatzen duten komunikabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dira.

Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko TOKIKOM Sarien ekitaldia gehienbat barrura begirako topaketa izango da, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, taldea beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari da, 2023ko lehen hiruhilekorako.

Gaur egun, 28 bazkidek osatzen dute TOKIKOM, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Orotara, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen dira. Gaur-gaurkoz, TOKIKOM taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.