BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendaria eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria bildu dira astelehen honetan Euskaraldia egitasmoa Nafarroan gauzatzeko hitzarmena berritzeko. Mikel Arregi Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak ere parte hartu du ekitaldian.
Hitzarmenaren baitan, Euskaraldiak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa.
Zapatak gogorarazi duenez, "Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, egitasmoak helduen aktibazioa du oinarri, gutxieneko baldintza euskara ulertzea delarik".
Aurtengo leloari aipua eginez, Zapatak 'Hitzez ekiteko garaia' dela azpimarratu du: "Euskaraz hitz egitea errazago izan dadin kaleak eta plazak betetzeko garaia heldu da, ilusioz, arduraz, gogoz, emozioz".
Euskaraldiaren hirugarren edizioan belarriprestek eta ahobiziek aukera berriak izan ditzaten bermatzeko elkarlana nabarmendu du Topaguneko ordezkariak, "auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune".
Bestalde, Ollok azpimarratu duenez, "euskara batez ere, komunikaziorako tresna bizia da. Horregatik, hiztun berriekin dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, haien prestigioa eta sustapena bultzatzeko egunez egun lan eginez, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak babesten ditugu, non herritarrek erakusten diguten ekintza
kolektiboa gai dela topiko interesatuak gainditzeko eta hizkuntzaren inguruan aukera eta balio positiboen mundu bat zabaltzeko".
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskal Herri osoan, 'Hitzez ekiteko garaia' lelopean. Helburu nagusia da euskararen erabilera areagotzea hiztunen hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabaldu eta areagotuz.
Euskaltzaleen Topaguneak, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak osatzen dute koordinazio mahaia.