Trantsizio energetikoak enpresentzat dituen aukerak landu dituzte Etekin topaketen azken saioan

'Trantsizio Energetikoa, Enpresentzako Aukerak Eta Erronkak' Izenburupean Egin Da Etekin Ekonomia Topaketen Azken Saioa
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: miércoles, 20 noviembre 2024 14:43

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Etekin Ekonomia Topaketen 2024ko azken saioa trantsizio energetikoa jorratuz amaitu da asteazken honetan Bilboko Itsasmuseum museoan, eta, 'Trantsizio energetikoa, enpresentzako aukerak eta erronkak' izenburupean, Elias Unzueta Petronorreko Ingeniaritzako zuzendari nagusiak eta Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak gaiari buruz dituzten ezagutzak eta ikuspegiak partekatu dituzte 100 bat entzuleren aurrean.

Amundarainek adierazi du Euskadi duela 40 urte baino gehiago hasi zela egun trantsizio energetiko bezala ezagutzen den prozesua lideratzen. "Garai haietan energia lehiakortasunarekin eta industriaren beharrekin zegoen lotuta; garai zail haiei aurre egiteko Gobernutik energia estrategiak bultzatzen hasi zen. Egun, ekonomiaren deskarbonizazioan dago erronka, hau da, ezin da ulertu energia estrategiarik helburu hau kontutan izan gabe", azaldu du.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak garbi adierazi du "derrigorrezkoa" dela berriztagarriak bultzatzea: "Hurrengo urteetan elektrifikazioa handitu behar dugu, konexioak ere indartu egin beharko ditugu gaurkoak ez bait daude ekoiztuko den energia berriztagarri hori irensteko prestatuta. Eta jabetu behar gara elektrifikazioren indartze horrek ez duela gure beharraren 100% betetzeko ahalmenik izango. Beraz, beste energia iturri batzuren beharra izango dugu etorkizunean".

Era berean, elektrizitate berria sortzeko agindua Europatik datorrela adierazi du. Bere hitzetan, "Euskadin ondo hausnartu beharko genuke horrek zer esan nahi duen eta ze estrategiara garamatzan baino argi dagoena da proiektu berriak behar ditugula, 'autonomia estrategikoan' sakondu behar dugula. Galdera litzake: ze ahalmena dugu, edozein arazoren aurrean, gure beharrei erantzuteko? Hor dago erronka".

ERREGAI BERRIAK

Bestalde, Elias Unzuetak erregai berriak eta Petronorren transformazioa izan ditu hizpide. Hasteko, modu erraz batean, erregai berriztagarriak zer diren azaldu du: "Erregai berriztagarriak erregai fosiletik ez datozenak dira, hau da, euren oinarria petrolioa izan beharrean beste produktu batzuk dituzte, besteak beste, sukaldeetako berrerabilitako olioak edo erregai sintetikoak, eta egungo motorretan erabili daitezke".

Zentzu honetan, azpimarratu du erregai fosiletatik berriztagarrietarako trantsizioa urteetakoa dela eta, Petronorren kasuan, euren konpromisoa eta mugarria 2050. urtea dela.

Azaldu du hiru alor jorratzen dituztela batez ere. Alde batetik, findegiaren prozesuetan isurketak murrizteko aldaketak eta inbertsioak egiten dituzte, trantsizio energetikoa ardatz, eta bestetik, "gure produktuak erregai berriztagarriak izan daitezen lanean ari gara, adibidez, bio-produktuak sortzen ari gara, hondakinak diren olioak aprobetxatuta".

"Azkenik, hidrogenoaren aldeko apustu potentea egin nahi dugu datozen hogei urteetan produktu berriak sortzeko: hidrogenoa energia bezala erabiltzeko, zuzenean, erregai berriztagarri modura, edo hidrogeno berriztagarria erabiltzea beste produktu batzuk sintetizatzeko. Azken hau da gure proiektu nagusia, erregai sintetikoak egitea deskarbonizaziorako bide horretan", azaldu du.

Hitzaldia bukatzeko, Unzuetak gaineratu du erregai sintetikoak "giltzarri" izango direla gure inguruko industrien lehiakortasunean, "batez ere elektrifikatzeko zaila duten enpresen deskarbonizaziorako baliatu daitezkeelako erregai sintetiko horiek".

Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak eta Bankoa Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa finantza erakundeek antolatu dute elkarlanean Etekin zikloa, eta azken saio CaixaBank-ek eta Kutxabank-ek koordinatu dute.

Contador