Txikipediarako 266 sarrera berri argitaratu dituzte 18 ikastolatako ikasleek

Archivo - Txikipedia.
IKASTOLEN ELKARTEA - Archivo
Actualizado: lunes, 26 abril 2021 12:48

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Txikipedian 250 sarrera berri idazteko erronka bota zuen Euskal Wikilariak elkarteak, Ikastolen Elkartearekin batera garatutako 'Nik, zuk, guk... 250 bai?' proiektuaren bitartez. Bada, egitasmoan parte hartu duten 18 ikastolatako ikasleek 266 sarrera argitaratu dituzte, gehienak emakumeen biografiak, eta horietan gehientsuenak emakume zientzialarienak, emakumezkoen biografiak eta, bereziki, emakume zientzialarienak izatea eskatu baitzitzaien.

Ikastolen Elkartetik jakinaraz dutenez, Euskal Wikilariak elkartearen baieztapenaren zain, ikasleei luzatutako erronka gainditu dutela esan daiteke. "Gainera, 250eko langa gainditzearekin nahikoa ez, eta 266 sarrera berri horiei gehiago erantsiko dizkiete hurrengo egunetan. Guztiak bukatuta, 290 sarrera inguru izango dira", nabarmendu dute.

Otsailaren 9an ekin zioten 18 ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Ikastola horietako DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak aritu dira sarrera berriak idazten Txikipediarako. Sarrera berri horietatik 150etik gora emakume zientzialarien biografiak dira, baina beste emakume batzuenak ere egin dituzte (artistak, aktoreak, musikariak, legelariak, kirolariak).

Era berean, emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gain, euskarazko edukiak ugaritzea ere helburuetako bat zenez, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta horrela, badira baita inguruko leku eta eraikin esanguratsuei buruzko sarrerak nahiz jaiei eta ikastolei buruzkoak ere.

"Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu 18 ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari", azaldu dute.

GUZTION ESKURA

Gainera, ikasleen parte hartze aktibo eta proaktiboari esker, sortu dituzten sarrera berri horiek guztiek kontsultatu ahal izango dituzte, "guztion jakinmina asetzeko zerbitzura egongo dira", eta era berean, euskarak presentzia handiagoa izango du sarean eta emakumezkoen ikusgarritasuna areagotu egingo da.

Hauek dira ekimenean parte hartu duten 28 ikastolak: Aita Larramendi (Andoain), Andra Mari (Etxarri Aranatz), Armentia (Gasteiz), Asti Leku (Portugalete), Betiko ikastola (Leioa), Elgoibar ikastola, Ikasberri (Azpeitia), Iñigo Aritza (Altsasu), Kurutziaga (Durango), Laskorain (Tolosa), Lautada (Agurain), Lizarra ikastola, Orereta ikastola (Errenteria), Paz de Ziganda (Atarrabia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Xalbador Kolegioa (Kanbo).