BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Unibertsitatea.net atariak antolatzen duen #Txiotesia6 lehiaketa egingo da asteartean, azaroaren 22an. Parte hartzaileek sei txiotan eta euskaraz laburtu behar izango dute tesia eta bi sari eskuratzeko aukera izango dute: Txiolari ulergarriena (500 euro) eta Txiolari originalena 300 euro. Lehiaketa tesia egiten ari direnei dago zuzenduta, bai eta 2019-2022 bitartean aurkeztu dutenei ere.
UEUk jakinarazi duenez, ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea eta lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea dira lehiaketaren helburuak. Txiokatutako mezuak lehiaketa ondoren bistaratzeko gordeko dira Unibertsitatea.net atariko 'Txiotesia' atalean. Antolatzaileek gordetako parte hartzaileen txioak gainbegiratuko dituzte arauak bete dituzten edo ez ziurtatzeko, eta arauak bete dituzten txiolarien mezuak epaimahaikideek baloratuko dituzte.
Parte hartzeko Twitter kontu publikoa izan behar da, eta parte hartzaileek tesia 2019/2022 urte bitartean (biak barne) aurkeztuta izan behar dute edo gaur egun tesia egiten aritu. Tesia sei txiotan azaldu behar da eta, beraz, ez dira kontuan hartuko sei txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikerlarien parte hartzeak. Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke, baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Txioak euskaraz idatzi behar dira.
Txioak 09:00etatik 21:00etara bitarte idatzi behar dira, eta aldi batean edo tarteka bidali daitezke, baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan. Txio bakoitza zenbatu egin behar da, mezuaren aurretik jarrita. Mezuaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia6 traola.
Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da, eta azken mezuak tesiaren emaitza, ondorioa edo hipotesia plazaratu behar du. Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago. Ez dira onartuko txioak ordezkatuko dituzten testu osagarri, dokumentu atxiki edo ikusentzunezko baliabidetara bideratutako estekak, baina audioak, bideoak, irudiak edo bibliografia estekak gehituz eman daitezke.
Parte hartzaileen eta antolatzaileen arteko harremana errazteko asko lagunduko luke lehiaketa egunean @Uninet_ataria kontua jarraitzeak.
EPAIMAHAIA
Txioak baloratzeko eta irabazleak izendatzeko epaimahaikide izango dira Uxoa Iñurrieta itzultzaile eta Hizkuntzalaritza Konputazionalean doktorea, Miren Berasategi Komunikazioan doktorea eta irakaslea eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitatean, Jon Mentxakatorre Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea eta irakaslea eta ikertzailea Mondragon Unibertsitatean, Oskar González Kimikan doktorea eta Eider Urkola Komunikazioan doktorea.
Bi sari banatuko dira: Txiolari ulergarriena (500 euro) eta Txiolari originalena (300 euro). Irabazleen berri abenduaren 1ean emango da, Eibarren Markeskoa jauretxean egingo den sari banaketa ekitaldian. Saioa 18:00etan hasiko da eta irabazleak ezagutzeaz gain, Aitor Cevidanes ikertzaile gaztea ere izango da bere ikerketa ibilbideaz hitz egiteko 'Euskara buruan eta ikertu munduan. Zientzialari euskaldun baten gorabeherak' hitzaldiarekin.