Udako jaietan emakumeen partaidetza sustatzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako Aldundiak

Udako ospakizunetan emakumeen partaidetza sustatzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako Aldundiak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldfundiak 'Gure jaiak berdintasunean' sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, Berdintasunerako Organoak sustatuta, udako ospakizunetan emakumeen parte hartzea sustatzeko gida bezala erabiltzeko, toki erakundeei eta jaietako eragile guztiei zuzenduta.

Foru erakundearen eta udalen konpromisoa bultzatu nahi da datozen hilabeteetan lurraldean ospatuko diren jaien antolaketara begira, "berdintasunean oinarritutako Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko eta emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko", aurkezpenean azaldu dutenez.

Kanpaina aurkezteko udal ordezkari eta teknikariekin Gipuzkoako Aldundian egindako lan bileran, Eider Mendoza ahaldun nagusiak jaiek "gure bizimoduan eta komunitatea bera zein identitate kolektiboa eraikitzerako orduan duten garrantzia" nabarmendu du, eta deia egin du "pertsona guztien gozamena eta parte hartzea bermatuko" duten jaien alde egiten jarraitzeko.

Bost puntuk osatutako konpromisoen dokumentua partekatu du Gipuzkoako Aldundiko Berdintasunerako Organoak. Lurraldeko udal guztietara zabalduko da eta gida gisa balioko du, festen testuinguruan berdintasuna bultzatzeko konpromisoa duen eragile edo udal ororentzako, kontuan izanda hainbat udalerritan dagoeneko gai honen inguruko "lanketa sakona" egiten dela.

Bada, honako hauek dira erakundeek hartzen dituzten bost konpromisoen gidalerroak: erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko ekimen eta gogoetak sustatuko dituzte; emakumeen partaidetza sustatuko duten antolakuntza bultzatuko da; aukera berdintasuna bermatuko da ekitaldi guztietan; indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatuko dira; irudi eta mezu berdinzaleak erabiliko dira.

"Jaiak berdintasunean komunitatea eraikitzeko aukera eskaintzen digute, emakume zein gizon izan. Gipuzkoarrok gizarte bezala partekatzen dugun balio hori, berdintasunarena, elkarlanean errealitate bihurtzea nahi dugu, baita festetan ere, emakume nahiz gizon, pertsona orok modu askean eta berdintasunez goza ditzaten gure auzo eta herrietako festak", esan du.

Ildo beretik, saioaren lanketaz arduratu den Araitz Rodriguez adituak ere nabarmendu du jaiek "gizarte moduan elkartzen gaituzten balioen isla" izan behar dutela eta, horregatik, jaietan aukera berdintasuna bultzatzea eta horretarako baliabideak ezartzea ez dela soilik jai batzordeen ala eragileen ardura, baita instituzioena ere.

INDARKERIA MATXISTA

Mendozak gogorarazi du emakumeek jasaten duten egiturazko berdintasun faltaren adierazpen nagusia indarkeria matxista dela, eta, festen testuinguruan, "tamalez sarritan" gertatu ohi direla sexu indarkeriako kasuak. Horrela, gidaren puntuetako batek errealitate horri erreparatzen dio.

Ahaldun nagusiak "indarkeria matxistarik gabeko jaiak" exijitu eta aldarrikatu ditu "indar guztiz", eta gogorarazi du festetan ematen diren urratze ludikoak ez direla, "inondik inora, aitzakia gure udalerrietako jaietan emakumeen aurkako sexu indarkeria matxista legitimatzeko edo normalizatzeko".