Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 14an izango da, Seguran

Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran
UEMA
Actualizado: lunes, 11 abril 2022 11:40

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Seguran (Gipuzkoa) ospatuko da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 14an, 'Euskara aiden!' lelopean. Segurako Udala, herriko eragileak eta UEMA buru-belarri ari dira udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketaren nondik norakoak antolatzen.

UEMAko iturruiek jakitera eman dutenez, 2018koaren ondoren, duela bi urte egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran, baina atzeratu egin behar izan zen pandemiaren ondorioz.

Bada, azkenean, datorren maiatzaren 14an izango da aukera "aldarrikapena eta festa uztartzeko, arnasguneek euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena nabarmendu eta elkarlanean bidea egiteko".

UEMAko herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. Martxoan kale erabilera datuak aurkeztean nabarmendu zuten bezala, euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat.

Datuek erakutsi dute, oro har, mantendu egin dela euskararen kaleko erabilera azken urteetan, baina ezagutza gehieneko herrietan zerbait behera egin duela. "Ezin da pentsatu, beraz, euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Beharrezko izaten jarraitzen du, azken urteetan egin bezala, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza egiteak. Horiek babestu eta garatzea hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat izan behar da", azaldu dute.

Egun osorako egitarau zabala izango da maiatzaren 14an Seguran, eta ohi bezala, UEMAren batzar nagusia ere egingo da. Horrez gain, bazkari herrikoia izango da egitarauaren barne, Segurako Iparra-Hegoa elkartearen eskutik. 18 euroan izango da helduentzako txartela, eta 6 euroan haurrena. Ondoko helbidera idatzi behar da bazkaritarako lekua hartzeko: administrazioa@uema.eus. Glutenik gabeko menua edo begetarianoa behar izanez gero, mezuan aipatu behar da.