Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran izango da, maiatzaren 30ean

Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran.
UEMA
Actualizado: miércoles, 29 enero 2020 12:03

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Segurako Udalak (Gipuzkoa) elkarlanean antolatuko dute aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 30ean. Segurako talde, elkarte eta eragileekin lehen bilera asteazken honetan izango da, egunaren eta egitarauaren nondik norakoak zehazten hasteko. Gainera, zenbait udal berri gehituko dira egun horretan UEMAra.

UEMAk gogoratu duenez, garai batean urtero antolatzen zen Udalerri Euskaldunen Eguna, baina 2016tik aurrera bi urtean behin egitea erabaki zen, txandaka, urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak antolatuz eta hurrengo urtean Udalerri Euskaldunen Eguna eginez.

"UEMAko herriak biltzeaz harago, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da eguna, egitarau zabalarekin. Azken urteotan, gainera, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza, babesa eta garapena hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat bihurtu da, hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker, eta horren isla izan nahi du aurten Segurako hitzorduak", azaldu dute UEMAtik.

Egitarauaz hitz egiteko, eta egunaren nondik norakoak antolatzeko, Segurako Udalak eta UEMAk arratsalde honetan egingo dute bilera herriko talde, elkarte eta euskaltzaleekin, 18:30ean, Segurako Danon Gelan. "Izan ere, Tolosan, Leitzan eta Diman izandako azken Udalerri Euskaldunen Egunek erakutsi duten moduan, giltzarria da herriko eta eskualdeko taldeak eta eragileak elkarlanean aritzea, eguna arrakatatsua izan dadin", gaineratu dute.

Azkenik, Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez, UEMAk batzar nagusia ere egingo du egun horretan, ohi bezala. Seguran izango den batzar horretarako, gainera, UEMAko kide izateko zenbait udalek hurrengo asteotan egingo dituzten eskaerak aztergai izatea aurreikusi da.