BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Soziolinguistika Klusterrak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) DREAM taldeak 'Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara' ikerketa egin dute elkarlanean zazpi herri euskaldunetan, eta ondorioztatu dute udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoan eta praktiketan "aldaketa nabarmenak" gertatu direla.
Arduradunek jakinarazi dutenez, 2021ean egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketen emaitzek erakutsi zuten UEMAko zenbait herritan erabilera jaitsi egin zela. Ikastetxeetan egindako beste ikerketa eta hausnarketa batzuk, aldiz, haur eta gazteen artean gaztelania erabiltzeko ohitura adin gero eta gazteagoan agertzean jarri dute arreta. Bada, kezka horretan du jatorria 2021ean eta 2022an egin den ikerketa honek.
Lanaren helburu izan dira haurren euskararen erabilera eta hizkuntzarekiko atxikimenduan eragina duten faktoreak identifikatzea; herriotako praktika onak eta indarguneak ezagutzea; hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzea; udalerri euskaldunetako hizkuntza ohituren irudi orokorra osatzea, eta ikerketa prozesuan parte hartu duten haur eta helduen artean hausnarketa soziolinguistikoa bultzatzea.
Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen errealitatea hobeto ezagutzeko, ikasleez gain, eskola horietako zuzendaritzako kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin egin da ikerketa. Metodologia kualitatiboa erabili da: hizkuntza biografia eta hizkuntza erretratua, testuinguruaren ezagupena, rol jokoak, konfrontazio saioak eta eztabaida taldeak.
Aztertutako herrien diagnostikoa osatu da, haur horien hizkuntza praktiketan eragina duten 140 faktore identifikatuz, testuinguruko eremu ezberdinetan kokatzen direnak. Araba (1), Bizkaia (2), Gipuzkoa (2) eta Nafarroako (2) herri zehatz batzuetan egin da ikerketa, elkarren arteko aniztasuna bermatuz.
Herri horietako eskoletan ikusitako ezaugarrien arabera, hiru herri profil bereizi dira. Alde batetik, haurrentzako arnasguneak daude: haurrek euskararen erabilera oso handia dute eta hizkuntzarekiko lotura estua dute, etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Gurasoen eta herriko eragileen kezketatik abiatuta ekimenak jarri dira abian euskararen erabilera sustatzeko.
Bigarrenik, udalerri euskaldun tipoak daude. Haurren euskararen erabilera altua da, batik bat ikasgelan, baina euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira eskolan eta euskararen erabilera behera egiten ari da herrian. Herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.
Azkenik, udalerri erasanetan gaztelaniaren erabilera nagusi da eta euskararen erabilera behera egiten ari da, baita ikasgela barruan ere. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira herrian eta ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.
HAMAR ONDORIO
Herri tipologiaz gain, azterketatik hamar ondorio nagusi atera dira. Horrela, euskara hizkuntza nagusia da ikasgelan, baina ikasgelatik kanpo bere erabilera gutxitu egiten da, eta eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla da, baita helduen praktika linguistikoena ere.
Hirugarrenik, identifikatu diren faktore gehienak elkarren artean lotuta ageri dira eta haurren eskumen eta fokutik kanpo daude, baita UEMAren irismenetik kanpo ere. Gainera, herritarren eta, horrenbestez, haurren profila aldatzen ari da, geroz eta gehiago baitira etxeko hizkuntza euskara ez dutenak.
Bestalde, gizartea eraldatzen ari da eta hizkuntza dinamika berriak agertu dira, udalerri euskaldunetako haurrek mundura begirako bizitza ikuspegia baitute, eta herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, hiztun komunitatea banatuta dago eta horrek euskararen erabileran eta atxikimenduan eragiten du.
Gainera, ikerketaren arabera, ez dago nahikoa baliabiderik euskararen erabilera bultzatu eta herrietako euskalgintza berraktibatzeko, eta euskualdeetako inertziek eta ezaugarriek eragin handia dute udalerri euskaldunetako hizkuntza ohituretan.
Azkenik, jasotako erantzun eta hautemate asko ezkorrak diren arren, datuek ez dute euskararen egoeraren atzerakada dagoenik esaten, eta haurrak jakitun dira euskararen egoera zein den, eragiten duten faktoreak identifikatzen dituzte eta euren ikuspegia helduena baino baikorragoa da.