BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du UEMAk, Eustat euskal estatistika erakundeak urriaren amaieran plazaratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua iturri gisa hartuta, eta, besteak beste, ondoriztatu du udalerri euskaldunetan euskararen erabilera atzeraka ari dela eta galera "nabarmena" dela.
Informazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri euskaldunetara mugatzen da, eta horien bilakaera soziolinguistikoaren gako nagusiak eta ondorioak bildu ditu UEMAk asteazken honetan plazaratutako txostenean.
Bada, UEMAren arabera, udalerri euskaldunen kopurua areagotzen ari da, ezagutzak gora egin duen udalerriak ari direlako %70eko langa gainditzen. Oro har, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, baina aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, eta horrek ondorio nabarmenak ditu euskararen erabileran.
Zehazki, erabileraren beherakada gero eta nabarmenagoa da, eta galera hori ez da eten oraindik. 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera, eta 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa. Datua are esanguratsuagoa da euskararen indizea %80tik gorakoa duten udalerrietan: %90eko ezagutzarekin, erabilera %81ekoa zen 1991n, eta 2021ean, berriz, %84ko ezagutzarekin, %59koa zen erabilera.
Udalerri euskaldunak zein diren zehazteko, UEMAn sartu ahal izateko irizpidea hartu da aintzat: udalerrian euskararen ezagutza indizea %70 baino handiagoa izatea. Euskaldunak eta ia euskaldunen erdia batuta zenbatesten da indize hori.
Horren arabera, 2021eko zentsua kontuan hartuta, EAEn 129 udalerri euskaldun daude: 251 udalerri daude erkidegoan, eta %51 pasatxo dira udalerri euskaldunak. Ezagutzak gora egin duen heinean, udalerri euskaldun gero eta gehiago dago EAEn. 1981ean 97 udalerrik gainditzen zuten %70eko euskararen ezagutza indizea, eta 2021ean, 129k; alegia, 1981ean erkidegoko bost udalerritik bi ziren euskaldunak, eta 2021ean, erdia pasatxo.
Laugarren gune soziolinguistikoa kontuan hartuta (euskaraz dakitenak %80 baino gehiago diren udalerriak), ordea, bilakaera ez da horren nabarmena. 1981ean erkidegoko 69 udalerri ziren multzo horretakoak, eta 2021ean 68.
Txostena lantzeko eta bilakaera soziolinguistikoa aztertzeko, hainbat datu aletu ditu UEMAk: udalerri euskaldunetako demografia, udalerri euskaldunak eta UEMAko udalak, euskararen ezagutzaren bilakaera, lehen hizkuntza eta hizkuntza transmisioa, udalerri euskaldunen tipologia edota etxeko erabilera, besteak beste.
EZAGUTZA
Ezagutzari dagokionez, EAEko udalerrien %73 euskaldunak dira, %13 ia euskaldunak eta %14 erdaldunak. Laugarren gunean handiagoa da ezagutza: %84 dira euskaldunak, % 8 ia euskaldunak eta % 8 erdaldunak.
Ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, 2021eko datuen arabera: 2011tik ez da beherago joan. Aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, nolanahi ere, eta horrek ondorioak ditu erabileran. Euskaldun dentsitate handieneko udalerri gutxiago dago.
Halaber, euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienen lehen hizkuntza (%53), eta hamarretik batek gaztelaniarekin batera jaso du euskara etxean (%9); %38k erdara du lehen hizkuntza. Laugarren gune soziolinguistikoan gehiagok dute euskara lehen hizkuntza (%69), eta apalagoa da beste lehen hizkuntzen presentzia.
Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa nabarmen jaitsi da azken hamarkadetan, eta bide hori ez da eten oraindik. Erkidegoko datu orokorretan ere gertatu da jaitsiera hori, baina are nabarmenagoa da udalerri euskaldunetan, eta euskaldunen profilean eragin nabarmena dauka: udalerri euskaldunetan ere gero eta euskaldun gehiago dira euskara bigarren hizkuntza gisa jaso dutenak, edo etxean bi hizkuntzak jaso dituztenak. Biztanle mugimenduak daude horren oinarrian, ez transmisioaren haustura bat, UEMAren arabera.
ETXEKO ERABILERA
Bestalde, udalerri euskaldunetan nahiko parean daude euskararen erabilera (%41) eta gaztelaniarena (%38). Tartean dago beste multzo bat, ele bietan aritu ohi dena (%18). Laugarren gune soziolinguistikoan handiagoa da euskararen erabilera (%59) gaztelaniarena baino (%25); ele bietan ere gutxiago aritu ohi dira (%13). Beste hizkuntza batzuen erabilera %3 ingurukoa da udalerri euskaldunetako etxeetan.
UEMAk ohartarazi du erabileraren beherakada "oso nabarmena" dela eta galera hori ez dela oraindik eten. "Ezagutza txikiagoak erabilera txikiagoa dakar, baina, proportzioan, erabileraren jaitsiera askozaz ere handiagoa da", nabarmendu du.
Horrela, 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera, eta 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa. Laugarren gune soziolinguistikoan, %90eko ezagutzarekin, %81eko erabilera zegoen 1991n, eta 2021ean, %84ko ezagutzarekin, %59ko erabilera.
Halaber, udalerri euskaldunetako herritarren profila aldatu egin da, bereziki euskaraz dakitenen profila; alegia, udalerri euskaldunetan gero eta erdaldun gehiago dago, euskaraz ez dakien jende gehiago, eta horrek eragin handia du erabileran eta erabilera aukeretan.
Edonola ere, hori ez da aldaketa bakarra: udalerri euskaldunetan bizi diren euskaldunek bestelako hizkuntza ezaugarriak dituzte (lehen hizkuntza, erraztasun erlatiboa, hizkuntza ohiturak), eta horrek dakar ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea handitzea. Horri gehitu behar zaio udalerri euskaldunetako bizimoldean eta bertako herritarren gizarte ohituretan nolako aldaketak ari diren gertatzen, eta horiek guztiek nola eragiten dioten euskararen erabilerari.