BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ohartarazi du Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak EAEko udaltzaingoen lan poltsetan B2 hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar izatearen aurka ebatzi izanak herritarren eskubide urraketak "betikotzeko arriskua" dakarrela, eta herritarren eskubideen kaltetan eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatean eragingo duela.
Behatokiaren arabera, lan poltsan dauden hautagaiek edozein lanpostu betetzeko gai izan behar dute, gehienetan herritarrekiko zuzeneko arreta izateaz gain, lanpostu guztiak herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak baitira. Ondorioz, une oro euskarazko arreta bermatzeko gaituta egon beharko liratekeela uste du, "herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi badira".
"Baina, tamalez, herritarrari beharrezko euskarazko arreta eskaini gabe jarraitzen da, eta urtero herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duten ehunka kasu jasotzen ditu Behatokiak", adierazi du.
Behatokiaren iritziz, lan poltsetan hautagaiek bete beharreko gutxieneko baldintza B2 maila izateak "garrantzia handia" zuen zerbitzuaren betekizunak herritar guztiei berdintasunean bermatzeari begira, baina, epaitegietan neurri hori atzera botatzea, "eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gaindi, egunerokotasunean udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako bestelako alorretan dauden hutsuneak ez gainditzeari begirako erabakia da".
"Aurtengo udan ere, B2a nahitaezkoa ez zen aurreko urteetako lan poltsetako udaltzaingoak izan dira lanean, eta ondorioz, udaltzainen behar handiena izaten den garaian, hainbat udaletan euskaraz artatzeko gai ez ziren udaltzaingoak kontratatu dira", salatu du.
Azkenik, Behatokiaren arabera, lan poltsez harago, "neurri zehatzak" hartu behar dira lanpostu finkoen deialdietan. Izan ere, gaineratu duenez, "oraindik orain, euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasun datak iraungi gabe dituzten lanpostuen deialdiak ateratzen dira, eta, ondorioz, lanpostu finkoen kasuan ere, euskarazko arreta bermatzeko gaitasunik ez duten hautagaiak sartzen dira, herritarren eskubide urraketak betikotuz".