BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Abian da Euskal Herriko 14 eta 18 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hasiak dira dagoeneko, eta Nafarroako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako gazteeak aurki hasiko dira. Horrela, udaberrian eta udan egingo du bidea txapelketak, eta udazkenean izango da finala, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.
Hain zuzen, apirilaren 23an hasi zen txapelketa Gipuzkoan, eta pasa den astean Araban eta Bizkaian. Horiek amaituta izango dira finalak lurralde bakoitzean. Maiatzaren 15ean egingo da Arabakoa, Agurainen, Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatzearekin batera. Maiatzaren 28an izango da Gipuzkoakoaren finala Urnietan, eta hurrengo egunean Bizkaiko eta Nafarroako finalak, Igorren eta Lesakan, hurrenez hurren.
Halaber, ekainean egingo dira saioak Lapurdi, Baxenebarre eta Zuberoako gazte bertsolariak elkartzen dituen txapelketari dagokionez, eta ekainaren 26an egingo da finala, Senperen.
Lurralde bakoitzean sailkatzen diren txapeldunekin eta txapeldunordeekin egingo dira azkenik 2021eko Eskolartekoari amaiera emango dion Euskal Herriko Eskolartekoaren finala.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa, eta 33. aldia egingo du aurten. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, bai eta haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.