BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Ikastolen aldeko jaiak udazkenean ospatuko dira, osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak ezarrita. Herri Urrats irailaren 20an ospatuko da, Senperen; Kilometroak urriaren 4an izango da, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, eta urriaren 18an Araba Euskaraz eta Ibilaldia egingo dira, Amurrion eta Elorrion, hurrenez hurren.
Bestalde, Nafarroa Oinez aurten ez da egingo, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak ikusi baitute ez direla baldintzak ematen beren jaia aurten ospatzeko, eta hurrengo urtera atzeratu dute.
Horrela jakinarazi dute Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta ikastolen aldeko festen arduradunek, asteazken honetan egin duten prentsa agerraldi telematiko batean.
Gogoratu dutenez, apiril hasieran iragarri zuten ikastolen udaberriko jaiak atzeratu egin zituztela eta hurrengo asteetan udazkenean egiteko aukera aztertu eta datak bilatuko zituztela. Bada, horretan aritu dira azken asteotan jai guztiak elkarlanean, "daten egokitasuna ikusten, jarritako helburuak bete ahal diren aztertzen, udazkenean ospakizunak egin ahalko diren aurreikusten".
Horrela, faktore horiek eta beste zenbait aztertu eta gero, hala nola logistikakoak eta osasun eta segurtasun prebentziozkoak, udazkenean ikastolen aldeko jaiak ospatzea erabaki dute. "Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun, baina, gaur gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko", ziurtatu dute.
Ziurtatu dute "ardura eta erantzukizunez" ariko direla, eta osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak ezarriko dituztela, besteak beste, formatu egokituak prestatuz, jan-edana baldintza seguruetan eskainiz eta garbiketa sakonduz.
Horrela, duela egun batzuk aurreratu zuten bezala, Herri Urrats irailaren 20an ospatuko da, Senperen; urriaren 4an, lehendik iragarrita zegoen bezala, Kilometroak jaia egingo da Amasa-Villabonan eta Zizurkilen; urriaren 18an, aldiz, Araba Euskaraz eta Ibilaldia ospatuko dira, Amurrion eta Elorrion, hurrenez hurren.
Arabako eta Bizkaiko ikastolen aldeko "bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan, baina bien arteko lotura ere egingo dugu", gaineratu dute.
NAFARROA OINEZ
Bestalde, urriaren 18an, Nafarroa Oinez egitea aurreikusita zegoen, Lizarran, baina, beste jaietako arduradunek ez bezala, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak ikusi dute ez direla baldintzak ematen beren jaia aurten ospatzeko, eta hurrengo urtera atzeratu dute.
"Kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat, baina, orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, aterako gara honetatik ere", ziurtatu dute.
Halaber, agerraldian azaldu dutenez, "Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde" aurten ateratako 'Tanta' txartelaren truke egingo den 60.000 euroko zozketaren eguna atzeratu egin dute, txartelak eskuratu nahi dituzuen guztiongana iritsi ahal izateko, eta ekainaren 25ean egin beharrean, urriaren 21ean egingo da, notario aurrean.