UEMAk 101 udal izango ditu, datorren astean Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituta

Arruazuko ekitaldian poarte hartu duten ordezkariak
UEMA
Actualizado: martes, 14 marzo 2023 11:55

   BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 101 udal izatera helduko da, datorren astean Bizkaiko Arrankudiaga eta Etxebarria eta Nafarroako Arruazu eta Doneztebe gehitu ondoren. 100 udalen langa sinbolikoa gaindituta, ekitaldia egingo du UEMAk Azpeitian (Gipuzkoa) martxoaren 25ean, udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari eta herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko.

   Hain zuzen, lau udalotako alkateek agerraldia egin dute astearte honetan Arruazun, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanorekin batera, udal horiek UEMAko kide izateko asmoa agertu dutela eta martxoaren 25etik aurrera mankomunitateko kide izango direla adierazteko.

   Lazkanok adierazi duenez, hiru helburu ditu martxoaren 25eko ekitaldiak: "Batetik, 101 udal horiek euskaratik eta euskaraz herri honi egiten dioten ekarpena aitortzea eta eskertzea. Horretarako, udal horietako ordezkariak ez ezik, udalerri horietako euskalgintzako lagunak ere gonbidatu ditugu, aitortza eta eskertza guztientzat izatea nahi dugulako".

   Bigarrenik, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmentzea bilatuko du Azpeitiko ekitaldian. Lazkanoren hitzetan, "euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek. Ekoitzi ez ezik, biziberritu ere egiten da euskara udalerri euskaldunetan, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean".

   "Horrek egundoko eragina dauka euskararen erabileran, udalerri euskaldunetan ez ezik, udalerri euskaldunetako herritarrek beste herrietara ere zabaltzen dutelako euskara, efektu biderkatzailea sortuz. Beraz, ezinbestekoa da udalerri euskaldunak zaintzea, babestea eta garatzea, eta hori ere gogoratuko dugu", nabarmendu du.

ERRONKA BERRIAK

   Lazkanok aitortu du, azkenik, euskaldunak eta udalerri euskaldunak "asko" aldatu direla, eta horren eraginez "erronka berriak" dituztela udalerri euskaldunetan, "ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzeko".

   "Herritarren kontzientziazioan eragiten jarraituko dugu, baina askoz neurri sendoagoak ere behar ditugu. Horiei buruz aritu eta aurrera egiteko ditugun erronkak ere aipatuko ditugu ekitaldian, hurrengo lau urteotan hartuko ditugun erabakiek baldintzatuko dutelako euskararen etorkizuna", azaldu du.

   Lazkanok zehaztu duenez, "sortu zenetik, asko aldatu da UEMA. Gaur egun, UEMAn daude euskararen arnasguneak, baina badakigu UEMAko kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Udalerri euskaldun horiek ere, ordea, giltzarriak dira euskararen etorkizunerako".

   "Udalerri horiek datozen urteetan izaten duten bilakaera garrantzitsua izango da euskararen biziberritzean; eta guztietan, arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, izango da beharrezkoa politika ausartak egitea eta euskara nagusituko den eremua indartzea. UEMAko udalek horretarako konpromisoa hartzen dugu. Gure egitekoa izango da arnasguneei eustea eta gainerako udalerri euskaldunak ere arnasgune izan daitezen lan egitea", gaineratu du.

   UEMAko kide diren herri berrietako lau alkateak pozik agertu dira hartutako erabakiekin, eta UEMArekin lanean hasteko gogotsu daudela adierazi dute, udalei eredugarri izatea dagokiela nabarmenduz, bai udal barruan hartu beharreko neurriak areagotuz, bai udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak UEMArekin landuz, batez ere herritarren kontzientziazioan eragiteko.

MARTXOAK 25

   Azkenik, martxoaren 25ean Azpeitiko Soreasu antzokian egingo den ekitaldira joateko deia egin diete herritar guztiei eta euskaltzale guztiei. Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean arituko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolaria eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, besteak beste.

   UEMAren bidelagunak diren heinean, Euskal Herriko erakunde publiko nagusien zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. UEMAren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, UEMAren lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo duten hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian.

   UEMAko kide diren udal guztietako alkateak eta zinegotziak ere gonbidatu dira ekitaldira. Izan ere, udal horiei aitortza egitea da ekitaldiaren asmoetako bat, euskararen biziberritzeari egin dioten ekarpenagatik eta herritarren aurrean euskara nabarmentzeko duten konpromisoagatik. Iraitz Lazkanoren hitzek emango diote amaiera ekitaldiari.

   Azpeitiko Soreasu antzokiak 540 ikuslerentzako lekua du, eta aretoa bete daitekeela aurreikusita, ekitaldira joateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, nahikoa da labur.eus/uema100 helbidera sartzea eta izena ematea.