UEMAk 'Bertatik Bertara' kanpaina abiatu du uda honetan ere

'Bertatik Bertara' Kanpainako Mahai Gainekoa.
UEMA
Actualizado: domingo, 18 junio 2023 14:09

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta bertako kide diren dozenaka udalek 'Bertatik Bertara' kanpaina egingo dute uda honetan ere, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzuen sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, aurreko urteetan bezala, eta ostiral honetan hasi eta irailaren erdialdera arte iraungo du.

Laugarren urtez egingo den kanpainan zehar, UEMAk eta udalek hainbat baliabide eskainiko dituzte, eta 300.000 mahai gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean, mankomunitateko iturriek jakitera eman dutenez.

'Bertatik Bertara' kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du UEMAk, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ostiral honetatik erabilgarri izango dira guztiak, besteak beste, udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzuen sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia.

Gainera, aurten, lehen aldiz, turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, euskaraz, ingelesez, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.

"KALITATEA ETA HURBILTASUNA"

Bertako hizkuntza ere "kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia" dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzuen sektoreko arduradunei. Kanpainaren koordinatzailea den UEMAko Goizane Aranaren hitzetan, "askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela".

Hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren udalerrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan; 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzuen sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez, ingelesez eta galizieraz dago hiztegia.

Era berean, kanpainaren berri emateko iragarkia ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai gainekoaren osagarri.

Leer más acerca de: