UEMAk helegitea jarri dio Osakidetzaren logopeda lanpostuen deialdiari, euskaraz jakitea ez delako ezinbestekoa izango

Archivo - Logopeda bat haur batekin lanean
CUNIMAD - Archivo
Actualizado: lunes, 17 enero 2022 10:57

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak logopedian diplomatuei zabaldutako lan deialdiaren aurkako gorako errekurtsoa aurkeztu du UEMAk, logopeda lanpostuen hautaketa proben oinarrietan euskara ez delako ezarri betekizun bezala. UEMArentzat "bereziki larria da" eskubide urraketa logopeden kasuan gertatzea.

Izan ere, UEMAren arabera, "logopeden kasuan garrantzi nabarmena du komunikazio hizkuntzak, hitzarekin eta ahoskerarekin lotura zuzena duelako osasun adar honek. Komunikatzeko ez ezik, pazienteak aztertzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna da hizkuntza".

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok pasa den ostegunean sinatutako errekurtsoak nabarmentzen duenez, "bederatzi logopeda lanpostu daude Osakidetzako lanpostu zerrendan, eta horietatik lau lanpostutan soilik dago hizkuntza eskakizuna ezarrita eta egiaztatuta".

"Orain aipagai dugun ebazpenean, lau logopeda lanpostu lehiaketara atera dira, eta ez da euskaraz jakitea eskatu. Lehen eta bigarren hizkuntza eskakizunak merezimendu bezala puntuatuko dira, baina inongo derrigortasunik gabe. Gainera, hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizunek ez dute puntuazio gehigarria izango; alegia, gehienezko puntuazioa bigarren hizkuntza eskakizunarena izango da".

Osakidetzak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra duenez, UEMArentzat "bereziki larria" da eskubide urraketa logopeden kasuan gertatzea: "Logopeden kasuan garrantzi nabarmena du komunikazio hizkuntzak, hitzarekin eta ahoskerarekin lotura zuzena duelako osasun-adar honek. Komunikatzeko ez ezik, pazienteak aztertzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna da hizkuntza".

"Euskara ez eskatzeak dakar paziente euskaldunak bigarren mailako herritar egitea, eta Osakidetzak haientzat kalitate eskasagoko zerbitzua eskaintzea. Horrez gain, hainbat adituren arabera, paziente elebidunek gabezia desberdinak izan ditzakete hizkuntza bakoitzean, eta, beraz, hiztun elebidun bat hizkuntza bakarrean ebaluatzeak ere diagnostiko okerra egitea ekar dezake", dio UEMAk.

Horregatik guztiagatik, gaiaren "larritasuna" ikusita, eta helburua beti ere osasun zerbitzuaren kalitatea eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea izanda, logopeda lanpostu guztietan euskara betekizun izan dadila eskatu du UEMAk errekurtsoan. Bitartean, berriz, herritar elebidunei zerbitzua Osakidetzako profesional elebidunek eman diezaiotela bermatzea ere eskatu du.

UEMAk ez ezik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere helegitea aurkeztu dio Osakidetzaren lan deialdi honi, UEMAk aletutako arrazoi berdinengatik.