UEMAko kide diren herrietako osasun etxeetako lau medikutik bat ez da gai euskaraz aritzeko

Actualizado: viernes, 14 octubre 2016 14:38

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren udalerrietan 289 mediku eta pediatra daude, eta haietako 73 ez dira gai euskaraz aritzeko, hau da, lautik bat, UEMAko lehendakari Josu Labakak jakinarazi duenez.

UEMAko ordezkariek agerraldia egin dute ostiral honetan Donostian, eta Labaka eta Etxarri-Aranazko alkate Eneka Maiz aritu dira hizlari UEMAren izenean. Ondoan izan dituzte hainbat zuzendaritza batzordekide, udalerri euskaldunetako hainbat alkate eta zinegotzirekin batera. Agerraldian izan dira Aramaio, Baztan, Berastegi, Dima, Leitza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo alkate edo zinegotziak.

Biztanleen %70 baino gehiago euskalduna duten Gipuzkoako 40 udalerrik, Bizkaiko 22k, Arabako batek eta Nafarroako 13k osatzen dute UEMAren lurgunea; guztira 230.000 biztanle inguruko lurgunea da. Euskararen arnasguneak dira herri hauek, herririk euskaldunenak direlako eta euskaraz modu naturalean aritzen direlako bertako herritarrak.

UEMAk herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko duten zailtasunen berri eman du urte askoan, eta, "aldaketak aldaketa, bere horretan irauten du arazoak". Hori dela eta, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza gaitasunen azterketa egin du UEMAk. Horretarako, Osakidetzako eta Osasunbideko plantillak begiratu ditu, eta udalerriz udalerri hitz egin du euskara teknikari, politikari, anbulatorioetako langile eta herritarrekin.

Horrela, Labakak jakitera eman duenez, "guztira, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietan, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko, %25, lautik bat". Halaber, familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 dira euskaraz aritzeko gai ez direnak, hau da, %22, eta pediatren kasuan, berriz, 56tik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko, %35.

Halaber, Maizek gogorarazi du 2013an egin zuela honelako azken azterketa UEMAk, eta, ordudanik osasun etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan "okerrera" egin duela edo bere horretan irauten duela deitoratu du.

Zehazki, udalerri batzuetan egoera "bereziki larria" dela azpimarrratu du, sendagile edo pediatra guztiak baitira euskaraz egiten ez dutenak. Horrek esan nahi du herri horietako bizilagunak behartuta daudela gaztelaniaz hitz egitera medikuarekin.

NAFARROA

Nafarroaren kasuan, gobernuak eskualdez eskualde kokatzen ditu sendagile euskaldunak. Hori dela eta, bizilagunak kexu dira, "horrek ez duelako bermatzen beraien haurrek eta familiakoek sendagile euskalduna izatea". Horri gehitzen zaio Nafarroako Gobernuak 100 lanpostu berri inguru atera dituela lehiaketa publikora, eta haietatik 12 soilik direla hizkuntza eskakizuna dutenak.

Nafarroan, gainera, "bereziki arazoa dute emakumeen arretarako zentroetan, emaginekin eta ginekologoekin". "Zentro horietan ez dira inolaz ere errespetatzen herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak, eta behin baino gehiagotan eskaera zehatzak egin badira ere, ez da aurrerapausorik eman", adierazi du.

Udako ordezkapenak egiterakoan, berriz, urtero bezala, euskaraz ez dakiten medikuak jarri dituzte zentro askotan, mediku euskaldunen ordez. Azpeitia, Aulesti eta Segurako udalek salatu zuten egoera hori uda hasieran, baina "dozenaka udaletan" gertatu da.

Horren harira, UEMAk eskaera zehatza egin du, hain zuzen, "udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontratatu daitezela".

LANKIDETZARAKO PROPOSAMENA

Labakaren esanetan, hobekuntzak izan badira ere, "udalerri batzuetan egoera larria" da oraindik, eta, hori dela eta, UEMAk lankidetzarako proposamena egin die Osakidetzari eta Osasunbideari, "egoera hobetzeko urratsak egin ditzagun". "Beste behin ere, bi erakunde horiei bideratu diegu dagoeneko datu hauei begira bilera bat egiteko eskaera", gaineratu du.

UEMAko lehendakariarentzat, "zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu". Horrela, UEMAko udalerriek baldintza bereziak dituztela gogorarazi du, herritarren %70k baino gehiagok dakielako euskaraz.

"Horregatik sinisten dugu bide urratzaileak izan behar dugula udalerri hauek euskararen normalizazioan, eta beharrezkoa dela gure herrietan neurri aurrerakoiak hartzea. Osasungintza, jakina, ez da salbuespena. Normalizazioari epea jartzeko ordua da, behingoz benetako erabakiak eta neurriak hartuta. UEMAk eta UEMAko udalek ahalegin handia egin dugu herri euskaldunetako udalek euskaraz funtziona dezaten. Euskararen arnasguneetan beren zerbitzuak eskaintzen dituzten gainerako administrazio publikoei ere ahalegin berbera eskatzen diegu. Ez da borondate kontua, gainera, betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra", azaldu du.