UEUk Txiotesia lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du maiatzaren 14rako

Ainhoa Latatu Nuñez (ezkerrean) eta Zuriñe Etxanobe Solaguren.
UEU
Actualizado: martes, 7 mayo 2024 12:01

BILB0, 7 (EUROPA PRESS)

UEUk zazpigarren aldiz antolatuko du Txiotesia lehiaketa, eta maiatzaren 14an izango da. Ohi bezala, parte hartuko duten ikertzaileek beren tesia laburtu beharko dute X/Twitter sare sozialeko sei txiotan edo Mastodon sare sozialeko hiru tutetan. Bi urtean behin egiten den ekimenaren helburuak dira euskal ikertzaile gazteak eta haien lanak ezagutaraztea eta euskarazko zientziaren dibulgazioa sustatzea.

Edizio honetako berrikuntza nagusia da ohiko X (lehengo Twitter) sare sozialaz gain, Mastondon sarean ere parte hartu ahal izango dutela ikertzaileek, Ainhoa Latatu Nuñez UEUko Ikergazte biltzarreko arduradunak eta Zuriñe Etxanobe Solaguren Txiotesia lehiaketako koordinatzaileak astearte honetan egindako aurkezpenean iragarri dutenez.

Latatu Nuñezek ikerketa zientifikoaren garrantzia nabarmendu du agerraldian. Bere hitzetan, "ikerketa zientifikoa prozesu dinamikoa da, zorrotza eta ezagutza berriak eskuratzeko helburua duena. Gure inguruko errealitatea eta gertaerak ulertzeko ezinbestekoa da eta neurri horretan, ikertzaile euskaldunek eskaintzen diguten ezagutza balioan jarri eta errekonozitu beharra dugu".

"Etorkizunari begira, ikertzaile gazteak gure harrobia izateaz gain, euskaraz ikertzeko eta dibulgatzeko prest egotea ere behar beharrezkoa dela uste dugu, alde batetik, gure gizartearen bereizgarriak eta mundu-ikuskera aztertu eta bertatik oinarritutako jakintza mundura zabaltzeko, eta, bestetik, euskarazko produkzio zientifikoa aberasteko ere. Horregatik guztiagatik, UEUk akuilu eta plaza izan nahi du ikertzaileen belaunaldi berri eta ez hain berri honentzat", azaldu du.

Ildo horretan, UEU duela 12 urte hasi zen ikertzaile euskaldun gazteei ikusgarritasuna ematen eta euskarazko ikerketa sustatzen, eta, bide horretan, 2013an lehen aldiz egin zuen Txiotesia lehiaketa eta 2015ean Ikergazte biltzarra antolatu zuen. Gainera, etengabe ari da proposamen berriak martxan jartzen, eta horren erakusle dira, azken urteotan maila dibulgatzaileari dagokionez antolatutako 'Barredromoa' ekitaldi zientifiko-umoristikoa, bai eta 'Akademiatik plazara' saioa ere, formatu txiki eta hurbilean.

'Ikerl(h)ari' bideo-podcasta ere ekoizten du UEUk, euskara eta ikerketa batu zituzten lehen ikertzaileak ezagutzera emateko, eta 250 ikertzaile euskalduni elkarrizketa egin eta jaso ditu azken hamar urteotan, askotariko gaien inguruan, egiten diren lan eta ikerketa mamitsuen erakusgarri.

Lataturen ustez, UEU "une gozo bat" bizitzen ari da ikerketa alorrari dagokionez: "Iaz UEUk EAEko Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente izatea lortu zuen eta horrek ateak ireki dizkio lehendabiziko aldiz ikerketa egiteko. UEUn aspalditik eskatzen zen ikerketari bere esparrua emateko, dagoeneko martxan jarri dugu Ikerketa Batzordea, etorkizunari begira UEUtik bultzatu nahi den ikerketa irudikatzeko asmoz".

TXIOTESIA

Bestalde, Etxanobe Solagurenek Txiotesia lehiaketaren koordinatzaileak gogorarazi du euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea eta ikertzaileen ikusgarritasuna handitzea direla ekimenaren helburuak, bai eta ikertzaile gazteen sarea sendotzea eta zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzea ere. Aurtengo edizioan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izango du lehiaketak.

Parte hartzaileek Mastodon edo X/Twitter sare sozialetatik zabaldu beharko dute beren ikerketa lana eta bi irabazle izendatuko dira: Ikertzaile ulergarriena (500 euro) eta Ikertzaile originalena (300 euro).

Zazpigarren edizioko berrikuntzei dagokienez, aurreko edizioetan UEUren Unibertsitatea.net ataritik egin zen deialdia, eta hemendik aurrera, berriz, UEUren sare sozialetako kontu orokorretatik egingo da.

Gainera, orain arte X/Twitter bidez parte har zitekeen, baina aurten Mastodon sare sozialetik ere parte hartu ahalko da (bietako bat aukeratu behar da). Halaber, aurreko edizioak udazkenean egin badira ere, aurten maiatzaren 14an egingo da lehiaketa, udaberrian.

Bitor Alonso Fradua, Galder Gonzalez Larrañaga, Maite Luengo Aguirre, Jone Mitxelena Sanchez eta Olatz Perez de Viñaspre Garralda izango dira epaimahaikideak.

Sari banaketa maiatzaren 30ean egingo dute, Eibarko (Gipuzkoa) Markeskoa jauretxean, 18:00etan. Irabazleak nortzuk diren jakiteaz gain, Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonis eta Sofia Marcos Basagoiti ikertzaileek egiten ari diren ikerketa proiektuari buruzko hitzaldia emango dute ('Euskal Herriko pottoken jatorria eta ondarea').

Ikerketa proiektu hori UEUk sustatu du BadaLab-en laguntzarekin, eta hitzaldian ikertzaile bakoitzak bere arloa aurkeztu (Arkeologia eta Biologia Molekularra) eta jakintza horiek diziplinarteko proiektu batean nola elkartzen dituzten azalduko dute.

ARAUAK

Tesia 2021 eta 2024 urte bitartean aurkeztua izan behar da (biak barne), edo gaur egun tesia egiten aritu. Parte hartzeko Mastodon edo X/Twitter kontu publikoa izan behar da, eta parte hartzea sare sozial batetik edo bestetik egin behar da, ez bietatik.

Mastodon saretik parte hartuz gero, hiru tutetan azaldu behar da norberaren ikerketa lana, eta beraz, ez dira kontuan hartuko hiru tut baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikertzaileen parte hartzeak. X/Twitter-etik parte hartuz gero, sei txiotan azaldu behar da norberaren ikerketa lana, eta beraz, ez dira kontuan hartuko sei txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikertzaileen parte hartzeak.

Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke, baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Mezuak euskaraz idatzi behar dira. Lehiaketa maiatzaren 14an egingo da eta 09:00etatik 21:00etara bitarte idatzi behar dira mezuak. Mezuak aldi batean edo tarteka bidal daitezke, baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.

Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da, hau ere euskaraz, eta mezu bakoitzaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia7 traola. Azken mezuak tesiaren emaitza edo ondorioa jaso beharko du, edo hasi berri diren ikerketen kasuan, planteatzen den hipotesia. Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago.

Ez dira onartuko mezuak ordezkatuko dituzten testu osagarri, dokumentu atxiki edo ikus-entzunezko baliabidetara bideratutako estekak, baina mezuen aurkezpena aberasten duten elementuak erabili ahal izango dira, betiere irakurlearen arreta erakartzeko, informazioa ilustratzeko edota mezuak erakargarriago egiteko helburuarekin (estekak, emotikonoak, bideoak, irudiak, gif animatuak, eta abar).

Leer más acerca de: