'Uhinak' 22. Korrikaren dokumentala estreinatuko da ostiralean Laudion

'Uhinak' Dokumentalaren Estreinaldia
AEK
Actualizado: jueves, 27 enero 2022 11:54

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Korrikaren 22. aldiko 'Uhinak' izenburuko dokumentala estreinatuko du AEK-k ostiralean, urtarrilaren 28an, Laudioko (Araba) Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Dokumentalaren egile Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek eta Asier Amondo Korrika arduradunak hartuko dute hitza.

AEK-k jakinarazi duenez, emanaldia 20:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa da, baina interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute
https://www.faktoria.eus/event/uhinak-korrikak-eta-txakur-go... helbide elektronikoan.

Behin estreinaldia eginda, datozen asteotan, hainbat herritan ere antolatuko dira 'Uhinak' dokumentalaren emanaldiak. Era berean, laster, telebista nahiz Internet bidez zabalduko da. Ikus-entzunezkoa Laboral Kutxaren laguntzarekin ekoitzi da.

"Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena abiatu gara eta bederatzi ahots topatu ditugu bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional. Hitzekin jolasteko gonbita egin diegu, eta elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika jaso dugu bueltan", adierazi dute egileek dokumentalaren inguruan.