Unicefek emandako 'Haurren eta Nerabeen Hiri Laguna' aintzatespena berritu du Bilbok

Unicefen 'Haurren eta Nerabeen Hiri Laguna' aintzatespena berritu du Bilbok
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 23 septiembre 2024 14:38

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Unicef erakundeak ematen duen 'Haurren eta Nerabeen Hiri Laguna' aintzatespena berritzea lortu du Bilbok, eta, haur eta nerabeekiko konpromiso hori ikusarazteko ekitaldi batean, Juan Mari Aburto alkateak eta Joseba Madariaga Unicefen Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak plaka berri bat aurkeztu dute Guggenheim museotik gertu dagoen haurren jolasgunean.

Bilbok 2018an eskuratu zuen 'Haurren eta Nerabeen Laguna den Hiria' aintzatespena, 2015ean hasitako lan prozesu bat burutu ondoren. Ordutik, Bilboko Udalak zenbait ekintza zuzendu dizkie Bilboko ume eta nerabeei, euren eskubideez informatzeko eta sentsibilizatzeko, udal politiketan parte hartze aktibo eta esanguratsua izan dezaten, eta adingabeko kalteberen arreta bermatzeko.

Era berean, haur eta nerabeek hiriaren eraikuntzan parte har dezaten bultzatzeko beste tresna bat eskaintzeko asmoz, Bilboko Udalak Ume eta Nerabeen Udal Kontseilua jarri zuen abian, adin txikiko 46 ordezkarirekin. Urtean birritan biltzen dira osoko bilkuran, eta hainbat lan batzorde antolatzen dituzte. Bilerotan udal jarduera ebaluatzen dute, eta haien ustez hiria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak diren proiektuak aurkezten dituzte.

Ildo horretan, Aburtok gogorarazi duenez, "beharrezkoa da haurrek, nerabeek eta gazteek aktiboki eta modu esanguratsuan parte hartzea gure hiriaren eraikuntzan. Ezinbestekoa da haiei entzutea eta kontuan hartzea udal politiketan eta proiektuetan".

Bilboko Udalarentzat estrategikoa den proiektu horren testuinguruan garatu da Ume eta Nerabeen II. Udal Plana, 2025era arte indarrean dagoena. Hiriko 18 urtetik beherako pertsonei zuzendutako 188 ekintza ditu, eta bigarrenak aurkezten dituen berritasunen artean, adingabeentzako udal jarduera estrategikoenak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburuei egiten dien ekarpena neurtzea dago.

Bestalde, Ume eta Nerabeen Udal Kontseiluko ordezkariek hiria hobetzeko 18 proposamen aurkeztu dituzte parte hartze bidezko udal aurrekontuen bederatzigarren edizioan, eta familia eta adingabe guztiak animatu dituzte proiektu haien alde bozka dezaten (irailaren 27ra arte); proposamen horien artean daude Errekaldeko parkeko zabuen eremuan estalkia jartzea, Amadeo Deprit kaleko argiztapena hobetzea eta gazteguneetan adingabeentzako hainbat gairi buruzko diskoteka jartzea.

Contador

Leer más acerca de: