Urriaren 1ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian

2023Ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Aurkezpena.
BERTSOZALE
Actualizado: miércoles, 13 septiembre 2023 13:35

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Urriaren 1ean hasiko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko da, ohi duen bezala, Bilboko finalarekin. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira, aukezpenean azaldu dutenez.

Txapelketaren aurkezpena Bilboko Rekalde aretoan egin dute asteazken honetan, eta Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide eta bost aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunak, Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduradunak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak hartu dute parte.

Kanporaketak urriaren 1etik azaroaren 1era arte jokatuko dira, Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira, azaroaren 11n, 18an eta 25ean, hurrenez hurren, eta finala Bilbon jokatuko da, abenduaren 16an.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute, 'Udabarria Bertsotan' fasetik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan abestu zuten beste seik, hain zuzen ere. Finalaurrekoetako fasera 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren zazpi bertsolariak, 2021ean finalista izan zirenak, alegia. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Saioetako sarrerak erosteko aukera dago www.bertsosarrerak.eus atarian. Oraindik sarrerarik geratuko balitz, saioaren egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera; finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia.