VillaSoundBilbao jaialdiak bosgarren edizioan izango diren 12 talde eta bakarlariak aurkeztuko ditu ostiral honetan

Archivo - VillaSoundBilbaoko iazko edizioa
BILBOKO UDALA - Archivo
Publicado: viernes, 14 marzo 2025 10:08

BILBO 14 Mar. (EUROPA PRESS) -

VillaSoundBilbao jaialdiak aukeratu ditu martxoaren 21etik apirilaren 11 bitarteko ostiraletan Bilborocken ariko diren 12 talde eta bakarlariak, eta ostiral honetan aurkeztuko ditu, martxoaren 14an, aretoan bertan egingo den ekitaldian. Bide batez, bakoitzak zein egunetan joko duen ere iragarriko dute. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, urtero egiten den jaialdiaren helburua da 16 eta 35 urte arteko gazteen sorkuntza lanak sustatzea, eta musikako proposamen askotarikoak eta egungoak publikoari eskaintzea.

Guztira 123 taldek eta bakarlarik eman dute izena ekimenaren bosgarren edizioan (87 Bizkaikoak, 20 Gipuzkoakoak, 10 Nafarroakoak eta 6 Arabakoak). Taldeok osatzen dituzten 369 pertsonetatik 49 emakumeak dira (%13,3), eta abestietan erabilitako hizkuntzei dagokienean, gaztelania da nagusi (taldeen %62k darabil), eta ondoren euskara (%56) eta ingelesa (%32). Izena eman duten kideen batez besteko adina 26,5 urte izan da.

Epaimahaiak aukeratutako 12 talde eta bakarlariei dagokienez, zortzi Bizkaikoak dira (Marmitako Trap Banda, Reeler, Goodbye Keppler, Antimeta, Mexin, Garraio, Alen Malva eta Aizoo), hiru Nafarroakoak (Hartzak Zeruan, Kbless eta Maddi) eta bat Gipuzkoakoa (Hondora).

Apirilean, 12 talde eta bakarlari horiek VSB Mentoring prestakuntza programan parte hartuko dute, eta kontzertuen fasearen ondoren, epaimahaiak horietako sei aukeratuko ditu 'mentoring' pertsonalizatua eta estudioko saio bana emateko. Maiatzean eta ekainean izango dira.

Azkenik, VSB Sariak ekitaldia egingo da maiatzaren 3an Bilborocken, eta VSB25 Tourra zein taldek edo bakarlarik egingo duen iragarriko da bertan. Lau kontzertuko bira izango da, estatuko hirietan, Son Estrella Galicia zikloaren barruan.

Era berean, Musika Bulegoa, SGAE Fundazioa edo BIME bezalako babesleek emandako gainerako aipamenak jakinaraziko dira ekitaldi berean, eta amaitzeko Aiko talderaen kontzertua egongo da. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte.

Contador

Leer más acerca de: