GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)
Vital Fundazioak antolatzen duen Euskal Zinemaren Asteak 35. edizioa beteko du aurten, eta, otsailaren 25etik martxoaren 2ra bitartean, 2018an euskal zinemagintzako profesionalek egin edo ekoitzitako lan zinematografiko onenak biltzen dituen programa egongo da ikusgai Vital Fundazioa aretoan, Gasteizen.
Antolatzaileek astelehen honetan aurkezpenean jakinarazi dutenez, bi Goya sari irabazi berri dituen Arantxa Echevarría-ren "Carmen y Lola" eta Paul Urkijoren "Errementari" film luzeak, edota sarri ia oharkabean pasatzen diren 40 urtetik gorako LGTBI pertsonak ikusaraztea helburu duen "Visibles" film laburra izango dira ikusgai, besteak beste. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira, film labur baten emanaldiarekin, eta jarraian film luzea emango da.
Ekimena parte hartzea bultzatzen duen jaialdia da, eta epaimahaia saioetara hurbiltzen den publikoa izango da. Horrela, bi emanaldiak amaitu ostean, aretoan diren ikusleek bozkatuko dute lan onenak aukeratzeko. Emaitzak martxoaren 2an jakinaraziko dira, itxierako galan. Sariak banatzeaz gain, Gutako Bat saria ere emango zaio Arabako zinemaren profesional garrantzitsu bati.
Enrique Rey-ren "Visibles" film laburrak irekiko du zikloa, otsailaren 25ean, eta jarraian "Carmen y Lola" ikusi ahalko da, Arantxa Echevarría zuzendari duen filma. Biharamunean, otsailaren 26an, Gaizka Urrestiren "Mi querido balón" eta Igor Legarretaren "Cuando dejes de quererme" izango dira ikusgai, eta hilaren 27an, Pello Gutiérrez-en "Zain" eta Telmo Esnalen "Dantza".
Josu Martínez-en "Ama" eta Paul Urkijoren "Errementari" (otsailak 28), David P. Sañudoren "Ane" eta Koldo Almandozen "Oreina" (martxoak 1) eta Imanol Ortizen "Moda" eta David González-en "La noche nos lleva" (martxoak 2) izango dira gainontzeko emanaldiak.
BONUAK
Euskal Zinemaren 35. Asteak dakarren berrikuntza bonuetan datza. Jardunaldi guztietarako bonua erosi nahi dutenek, 12 euroan, online egin dezakete astearte honetatik www.fundacionvital.eus web orrian. Era berean, Vital Fundazioaren egoitzan ere eros daiteke bonua, astelehenetik ostegunera, 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, eta ostiraletan, 08:30etik 14:00etara.
Bestalde, egun bakoitzerako sarrerak aipatutako bi bideetatik erosteaz gain, Vital Fundazioa aretoko txarteldegian ere erosi daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, 3 euroan, beti ere leku librerik balego.