Zaldibarko Udalak bizilagunen segurtasuna bermatzea eskatu du

Publicado: lunes, 10 febrero 2020 15:40

BILBO 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

Zaldibarko Udalak hainbat bilera egin ditu azken orduetan, joan den ostegunean zabortegia erori ondoren sortutako egoera argitzeko, eta bizilagunen segurtasuna bermatzea eskatu du. Hain zuzen, Eizagan neurgailu mugikor bat jartzeko eskatu dio Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, airearen kalitateari buruzko datuak biltzeko eta herritarrei helarazteko, udal kanalen bidez.

Orain arte, Ermuan eta Eibarren jarri dituzte neurgailuak, eta gaur goizean horietako bat Eizaga auzoan egotea eskatu du Zaldibarko Udalak. "Airearen kalitateari buruzko datuak ezagutu behar ditugu, ezinbestekoa baita zaldibartarrak informatu ahal izateko", adierazi du Jose Luis Maiztegi alkateak.

Era berean, Eizagako bizilagunek igandean udalak deitutako bileran egindako eskaeren berri eman zaio Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuari. Gainera, arratsalde 17:00etan, Lehendakaritzan egingo den bilera batean parte hartuko du Zaldibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun arloko teknikariekin batera.

Halaber, koordinazio handiagoa eta hobea eskatu du erasandako udalerriekin, hala nola Ermuarekin edo Eibarrekin. Hori dela eta, hiru agintariek bilera egingo dute arratsaldean Lehendakaritzan, egungo egoerari buruzko azken berrikuntzak aztertzeko eta elkarrekin lan egiteko.

Gainera, arratsaldean, Juan Mari Uriarte alkateordea Eizagako bizilagunekin bilduko da berriro, azken informazioak emateko eta haien iritziak jasotzeko. Udalak bilera horretan osasun teknikari batek parte har dezala eskatu du, auzotarren zalantzei eta kezkei erantzuteko.
Azkenik, Zaldibarko Udalak ezohiko osoko bilkura deitu du astearterako, egungo egoera aztertzeko asmoz, eta egoeraren jarraipena egiteko eta informazioa eguneratzeko.