Zerbitzu sektorean euskara areagotzeko 'Bertatik bertara' kanpaina abian uda honetan ere

Kanpainarako prestaturiko mahai gainekoa
UEMA
Actualizado: viernes, 17 junio 2022 13:25

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko 'Bertatik bertara' kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek, eta 250.000 mahai gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, iaz bezala, eta ekainaren 21etik irailaren erdialdera izango da.

Hirugarren aldiz, 'Bertatik bertara' kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, UEMAk jakinarazi dien moduan, "askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela".

Hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan; 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz.

Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez eta galizieraz dago hiztegia.

Era berean, kanpainaren berri emateko iragarkia ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai gainekoaren osagarri.